Altsasuko gazteak absolbituta nahi dituzte
Elkarretaratzea egin dute Oiartzunen, Espainiako Auzitegi Gorenak epaia eman eta biharamunera. Zigorrak neurrigabeak direla salatu dute.
Elkarretaratzea egin zuten atzo arratsean Oiartzunen, Espainiako Auzitegi Gorenak Altsasuko gazteen kontrako epaia ebatzi eta biharamunean.
Hamarnaka oiartzuar bildu ziren Done Eztebe plazan. Epaia horrek Altsasuko gazteen kontrako kartzela zigorrak murrizten ditu, baina 79 urtetik 51era jaistea bidegabekeria dela iritzi dute. Atzoko elkarretaratzean argi utzi zuten bezala, absoluzioa da espero duten sententzia bakarra.
Altsasuko gazteen gurasoek eta Altsasukoak Aske plataformakoek jakinarazi dutenez, litekeena da Estrasburgoko Giza Eskubideen Europako Auzitegira joko dutela. Esan dutenez, azken hiru urteetan jasotako elkartasuna eskertu zuten, eta adierazi zuten mobilizazioari eta borrokari esker lortu dutela «terrorismoa» eta «diskriminazio ideologikoa» aurrekari gisa ez gelditzea.
Ekitaldi sorta
Azaroan beteko dira hiru urte Adur Ramirez de Alda, Jokin Unamuno eta Oihan Arnanz espetxeratu zituztenetik, eta hainbat ekitaldi prestatuta zituzten horren harira.
Hurrengo mobilizazioa —izaera nazionalekoa— hilaren 26an egingo dute, Iruñean. Protesta egingo dute, Auzitegiaren aurrean.