Agirretxeak zigor botoa eskatu du, hauteskundeak errepikarazteagatik
Madrilgo Kongresu eta Senaturako hautagaiek lan bilera egin dute Errenteria-Oreretako batzokian, Oarsoaldeko afiliatuekin.
Azaroaren 10ean —beste behin— Espainiako Kongresu eta Senaturako hauteskundeak egingo dira. Alderdi eta koalizioak ari dira zita berri hori prestatzen. Atzo, Oarsoaldeko EAJko kideak izan ziren lan bilera egin zutenak, hautagai izango direnekin.
Txaro Rodrigo, Mertxe Garmendia eta Joseba Agirretxea hautagaiak hurbildu ziren Errenteria-Oreretako batzokira. Kongresurako zerrendaburuak —Agirretxeak— egin zituen adierazpenak, esanez herritarrak “inoiz baino gehiago matxinatu” behar direla.
Bere esanetan, PSOE eta Unidas Podemosen arduragabekeria da hauteskunde berrietara eraman duena, eta euskal hautesleek jarrera hori zigortu behar dutela. Agirretxearen esanetan, jeltzaleek politika egiteko beste modu bat dute: “Frogatu dugun eta frogatzen jarraituko dugun modura, guretzat politika entzutea, hitz egitea, negoziatzea, adostea, eta, batez ere, gizarteak galdegiten dituen ardurekin betetzea da”.
Horrela, azaroaren 10eko “behartutako” hauteskundeetan parte hartzeko deia luzatu du zerrendaburuak: “Gizarteak duen haserrea eta nazka ezin da abstentzioan bilakatu, ezin dugu etxean gelditu besteek gauzak gaizki egin dituztelako”.
Eta botoa bere alderdiarentzako eskatu du, eurak direlakoan Euskal Herriaren ahotsa Madrilen entzunaraziko dutenak.