Erreferendumek ezin dutela inoiz delitu izan aldarrikatuko dute Oiartzunen
Elkarretaratze zaratatsua egingo dute gaur arratsaldean, Oiartzungo plazan. Erabakitzeko eskubidea defendatu eta epaituei babesa adieraziko diete.
Filtrazioek eta ez-filtrazioen zurrumurruek egunak zeramatzaten bueltaka. Espainiako Auzitegi Gorenak gaur plazaratu du Kataluniako erreferendumarekin lotutako auziaren epaia: ehun urteko espetxe zigorra eskatu du auzipetuentzat.
Oiartzungo Gure Eskuk, beste herrietakoek bezalaxe, mobilizazioa iragarri du arratsalde honetarako. 20:00etan elkartuko dira Done Eztebe plazan, epaiarekin ados ez daudela adierazteko. Protesta zaratatsua egingo dute, auzipetuei elkartasuna adierazteko eta gizarteek erabakitzeko eskubidea dutela aldarrikatzeko.
Ez da iragarri duten mobilizazio bakarra izango. Datorren larunbatean, Gure Eskuk manifestazioa egingo du Donostian.
9 eta 13 urte artean
Oriol Junquerasek aurre egin beharko dio zigor eskaera handienari: 13 urte eskatzen dute berarentzat, sedizioa eta diru publikoaren erabilera bidegabeagatik. Kargu berarengatik zigortu dituzte Raul Romeva, Jordi Turull eta Dolors Bassa, hamabi urteko espetxe zigorrarekin.
Beste bost lagun sedizioagatik kondenatu dituzte: Carme Forcadell 11 urte eta sei hilabetera; Josep Rull eta Joaquim Forn 10 urte eta erdira; eta Jordi Cuixart etaJordi Sanchez bederatzi urtera.
Desobedientziagatik Santi Vila, Meritxell Borras eta Carles Mundo zigortu dituzte. Hiru horiei 60.000 euroko isun ekonomikoa eta urtebete eta zortzi hilabeteko inhabilitazioa ezarri diete zigor gisa.