Ondarearen Mahaiak Arizmendi-Eneko obrak bisitatu ditu
Ondarearen Etxea izango denaren eraikina ikusi dute, espazio antolaketa ezagutzeko. Arizmenditarrak han izan dira, obrak epe barruan daudela ikusten.
Oiartzungo Ondarearen Mahaiko kideak, udal ordezkari politiko eta teknikoekin batera, Arizmendi-enea bisitatzen aritu dira. Haiekin batera joan dira arizmenditarrak, haien etxea izandakoaren berritze lanak ikustera.
Lanetan etxea lehen zenaren ahalik eta antzekoen uztea dute helburu. Arkitektoek orain arte egindakoa azaldu dute: egurrezko egituradun balkoia berreskuratzea (XX. mendearen aurrekoa); ganbarako espazioa irekitzeko hartutako neurriak…
Azaldu zutenez, Arizmendi-enea etxea eta lorategia Ondare izendapena jasotzeko tramitazioaren zain daude.
Antolaketa
Obrak, oraingoz behintzat, epearen barruan doazela jakinarazi zuten. Arizmendi-eneko beheko solairuan turismo bulegoa eta erakusketa aretoa jarriko dituzte. Lehenengo eta bigarren solairuan etxebizitza mantenduko dute, ahalik eta berdinen. Familiaren altzariak tratatu dituzte, eta berriro eramango dituzte hara, balio handia dutelako.
Teilatupean kapera mantenduko dute, baina bilkurak egiteko espazio bat diseinatu dute.
Historia handiko etxea
Iñaki Agirre Arizmendik etxearen hainbat kontu azaldu dizkie bisitan parte hartu dutenei. Angel Arizmendi eta Juanita Aiestaranen biloba da.
Horrela, gogorarazi zuen XX. mendearen hasieran erosi zutela etxea, eta 1935 urtea berezia izan zela, urte hartan jarri baitzuten argindarra eta ura. Gainera, Olazabal arkitektoak teilatupeko kapera eraiki zuen. Angel Arizmendik Juanita Aiestarani egindako oparia izan zen, ezkonduta 25 urte bete zituztenean.
Hurrengo urtean, gerra hasi zenean, guardia zibilak teilatutik sartu ziren, Arizmendi atxilotzera, kaperan zegoen leiho batetik.