Frankismo garaian Lezok pairatutakoa, orritara
Aurten 80 urte bete dira lehen Frankismoko esklaboak Lezora heldu zirenetik. Urteurrena biribiltzeko, hiru esku orri kaleratu ditu Etxetxo elkarteak.
Herriko memoria historikoa berreskuratzeko pausu berri eta garrantzitsua eman du Etxetxo Lezoko Memoria Historikoaren Elkarteak. Gaur bertan egindako agerraldian, argitaratu berri dituzten hiru argitalpenak aurkeztu dituzte. Guztiek, Frankismo garaian herriak pairatutakoa gogoratzea eta berreskuratzea dute helburu.
1939-1946 urteen artean Lezon lan behartuak egiten aritu ziren esklaboen inguruko informazioa bildu dute argitalpen berrietan, «lehenengo esklabo taldeak etorri zireneko 80. urteurrena gogoratzeko», dio Joxe Luix Agirretxe taldeko kideak.
Lehen argitalpena hiru orriko moduko esku orriak dira. Horietan, herriko esklaboen asentamenduen inguruko informazioaz gain, garai hartan zer eta nor ziren laburbildu dute.
Bigarrena berriz, mapa moduko bat da, Lezoko Memoria Historikoaren Mapa alegia. Bertan, Lezon eta lezoarrei herritik kanpo jasandako giza eskubide urraketak bildu dituzte. Halere, informazio berria jasotzearekin batera mapa berritzeko asmoa du elkarteak.
Hirugarren argitalpena Etxetxo baserriko familiaren omenezko ipuin bat dela zehaztu dute gaurko agerraldian. «1936ko uztailean Maria Oiartzabal lezoarra eta haren hiru semeak hil zituzten», kontatu du Agirretxek. Bada, Oiartzabalen birbiloba Miren Usabiaga irakasleak sortutako kontaketa jaso dute hirugarren argitalpenean. «Ipuinak familiaren historia oso hunkigarria kontatzen du», gehitu du Agirretxek.
Argitalpen guztiak zabaltzen hasiko da orain elkartea. Bisita gidatuetan, herriko leku eta bulego publikoetan naiz eskualdeko turismo bulegoetan eskuragarri jarriko dituzte.