Puzgarriak, oporraldia salto betean pasatzeko
Abaraxkak antolatuta, puzgarriekin goza daiteke Elorsoro kiroldegiko kantxan. Goizean jarri dituzte, eta arratsaldean berriro irekiko dituzte.
Ikasleek —zorionekoak eurak— oporrak dituzte oraindik, eta Abaraxka ludotekak beraiei zuzendutako hainbat jarduera antolatu ditu. Gaur goizean puzgarriekin gozatzeko aukera izan dute, Elorsoro kiroldegiko kantxan. Arratsaldean berriro izango dute aukera, 16:30etik 19:00etara.
Gaurko ekitaldiaz gain, bihar eta etzirako beste jarduera pare bat antolatu dituzte. Bihar, sukaldaritza begano tailerra egingo dute, Abaraxka ludotekan. Larunbatean, berriz, Soinuenekoekin batuko dituzte indarrak. Herri danborrada egingo dute, Ergoienen. Bi ekitaldiak 17:00etan hasiko dira.