Indarkeria matxistak Oiartzunen duen eraginari buruzko diagnosia aurkeztuko dute
Udaleko Feminismo Sailak egin du diagnosia, eta hilaren 16an aurkeztuko dute, ekitaldi irekian. Udalak eta mugimendu feministak joateko deia luzatu dute.
Oiartzungo Udaleko Feminismo Sailak indarkeria matxistak herrian duen eraginari buruzko diagnosia osatu du. Datorren asteko ostegunean —hilak 16— aurkeztuko dute, ekitaldi ireki batean. Hitzordu udaletxeko pleno aretoan izango da, 18:00etan hasita. Udalak eta Oiartzungo Feministen Asanbladak antolatu dute aurkezpen ekitaldi hori.
Udaleko iturriek jakinarazi dutenez, Gobernu Taldeko zinegotziei eta diagnostikoa egiten parte hartu duten eragileei aurretik aurkeztuko diote diagnosia.