'Ortentsia izan nahi dut' lanarekin bueltatuko da antzerkia
Abarka antzerki taldeak bere lana taularatuko du datorren igandean. Oier Guillan eta Joseba Sarrionandiarenak dira antzezlanaren testuak.
Oiartzungo Antzerkizaleek Abarka taldea gonbidatu dute, datorren igandean Ortentsia izan nahi dut antzezlana joka dezaten. Igande arratsaldean izango da antzerki saioa, 19:00etan hasita. Sarrerak bost euroko prezioa izango du.
Markina-Xemeingo taldeak Oier Guillanen testuak erabili ditu, baita ere Joseba Sarrionandiaren Bizitzea ez al da oso arriskutsua? liburukoak ere, eszenen arteko zubi lana egiteko. Guillanek berak antzezpen ikastaroa eman die amateurrak diren bost aktoreei. Abarkakoek Lea-Artibaiko Hitzari zehaztu ziotenez, performancetik gehiago du antzerkitik baino.
Amu gisa, antzerki taldeak esaldi hau du prestatuta: “Etorkizuna urrun dagoela iruditzen zaizu?
Zein amets gelditzen zaizu betetzeko? Nik hortentsia izan nahi dut, eta zuk?”
Fitxa teknikoa
- Konpainia: Abarka.
- Testuak: Abarka antzerki taldea, Oier Guillan, Joseba Sarrionandia.
- Zuzendaritza: Ander Lipus.
- Kanpo-begirada: Oier Guillan.
- Teknika eta diseinua: Mikel Unamunzaga.
- Antzezleak: Izar Alguero, Luis Egurrola, Lur Epelde, Ruben Markina, Nahikari Santano.