Alaitz Telletxea: "Esperimentatzen ari gara. Eta gozatzen. Pila bat"
AMAK taldea sortu du musikari eta abeslari oiartzuarrak, 1990eko hamarkadan erreferente izan ziren trikiti taldeetako kideekin batera. Errepertorioa berrasmatu dute proiektu berrirako.
AMAK proiektua sortu duzue Amaia Orejak, Maixa Lizarribarrek, Kristina Solanok eta zuk zeuk, zuen izenen hasierekin. Aspalditik ezagutzen duzue elkar. Nola piztu zen txinparta?
Ez da guk bilatu dugun zerbait, baizik eta bildu egin gaituzte, edo sortu zaigun zerbait izan da.
2013an, Oñatiko trikiti jaialditik deitu gintuzten, Kristina Solano eta Amaia Orejari —M-N Ezten taldekoak—, Maixa Lizarribar eta Itziar Orejari, eta Maider Zabalegi eta niri. Itziar eta Maiderrek ezetz esan zuten, eta Maixak niri deitu zidan esanez ea biak joango al ginen. Eta horrela joan ginen biak, eta Kristina eta Amaia haien aldetik. 2018an, jaialdiak hamar urte bete zituenean, nahi zuten handik pasatutako guztiak elkartzea, eta proposamena egin ziguten, laurak joateko. Baietz esan, eta lau kantu jo genituen han. Norbaiti gustatu, eta Errezilgo trikiti jaialditik deitu gintuzten. Ondoren, Hondarribikotik.
Guk ikusten genuen oso gustura ginela laurak, eta suertatu zitzaigun ETBko Gure kasa saiora joateko aukera. Hortik aurrera, herrietatik deitzen hasi zitzaizkigun, ea emanaldiak eskainiko ote genituen. Hor erabaki bat hartu behar izan genuen, eta oso gustura ginenez, horrelaxe sortu zen.
Beraz, denetik pixka bat izan du taldearen sorrerak…
Gustura egiten dugun zerbait bada, aurrera. Eta taldearen izenari dagokionez, whatsapp talde bat genuen, gure izenen inizialekin, eta Maixak proposatu zuen AMAK izatea. Gainera, denak amak gara, eta hitz joko horrekin geratu gara.
«Gustatzen zitzaigun gauza batekin herriz herri ibiltzea izugarria da»
1990eko hamarkadan trikitixaren boom bat egon zen, eta zuek protagonista izan zineten. Hainbat urte egon zara lehen lerrotik kanpo. Zein ibilbide egin duzu?
Maiderrekin musika ibilbidea bukatu ondoren, jarraitu nuen Patxi eta Konpainia eta Lantz taldeekin plazetan. Hori bukatu eta ama izan nintzen. Urte batzuetan ikasten aritu nintzen eta irakasle moduan hasi nintzen ikastolan. Nire bizitza beste modu batera eraman dut, horrela suertatu delako agian. Orain ez neukan asmorik horrela hasteko —egon dira gauza puntualak—, baina horrela izan da.
Taldekideek jarraitu dute musikaren munduan, baina lehen bezain beste ez. Urte haietakoa beste martxa bat izan zen. Talde haiek bukatzearekin baretu zen gauza.
Urte asko pasatu dira arrakasta lortu zenutenetik. Orain, urteek ematen duten perspektibarekin, nola ikusten dituzu arrakasta gainera etorri zitzaizueneko urte haiek?
Harrapatu gintuen oso momentuko gauza modura, sorpresa bezala, eta uste dut ongi eraman genuela. Distantziarekin ikusita, uste dut kristoren zortea izan genuela, eta urte haiek nire bizitzako onenak izan ziren. Taldekideekin hitz egin izan dutenetan ere bai, gauza bera komentatzen dugu: urte oso onak izan ziren. Pentsa, guri gustatzen zaigun gauza batekin herriz herri ibili ahal izatea… hori izugarria da. Atzetik lan asko egin behar da, baina gero emaitza hori azaltzeko aukera izatea, kristoren oparia dira.
Jende askok egiten du lan, baina zortea ez du mundu guztiak izaten. Momentua asmatu genuen.
Alaitz eta Maider talde bezala zergatik desagertu zen? Ibilbideak berea eman zuelako?
Bai. Musika taldeak, harremanak bezala, aldatu edo bukatu egiten dira. Gure kasuan ere bukatu egin zen; bakoitzak aurrera egiteko modu ezberdinak ikusten genituen, eta uste dut hobe dela hori sentitzen denean, uztea. Pentsatzen dut, musika bezalako gauza batean aritzen zarenean, izan behar duela egitan sentitzen duzun gauza bat eta disfrutatzen duzun gauza bat. Hori bukatzen baldin bada, hoberena uztea da.
«Gure ibilbideetako kantak bertsionatzen eta erabat aldatuta kantatzen ditugu»
Zein errepertoriorekin igotzen zarete oholtzara? Zuen abestiak dira? Tradizionalak?
Denetik egiten dugu. Oraingoz, bertsioak egin ditugu. Hori bai, euskal kantak beti, izan euskal kantak edo gure ibilbideetan egin ditugun abestiak. Erabat bertsionatzen ditugu, eta erabat aldatuta kantatzen ditugu. Adibidez, Maixaren bertsio batekin hasi, gero Kristinaren beste batekin jarraitu, ondoren nire bat sartu…
Gure kontzertu batera joango denak ez du entzungo Maixa eta Itziarren abesti bat bere horretan, beti aldatuta eta nahastuta entzungo ditu. Erabiltzen ditugun instrumentuak dira trikitia, panderoa, ahotsa eta Peñapardako panderoa. Karratua da, eta Salamanca aldean erabiltzen da.
Ez daukagu lehen geneukan banda hori. Gu lauak gaude, eta laurok egiten dugu dena: batzuetan konbinatzen ditugu lau ahots eta lau pandero; beste batzuetan lau soinu; beste batzuetan, bina soinu eta pandero… Ahal diren konbinazioak egiten saiatzen gara; aukeratzen dugun kantaren arabera bat edo beste egiten ditugu.
Nahiko gordina da, ez daukazu baxu bat, piano bat edo gitarra bat oinarria emango dizunik. Orduan, esperimentizatzen ari gara. Eta gozatzen. Pila bat.
Orain dela bi hilabete, Hitzen Lihoaren harira, Ines Osinaga elkarrizketatu zuen HITZA-k. Esan zuen bakarkako saio horietan, biluzik ateratzen zela agertokira. Zuen kasuan hala sentitzen al zarete?
Ez, biluzik ez. Gu lau gara. Egia esan, guk ez daukagu atzeko banda hori. Beti ematen dizu babes hori, harmonikoki. Gu lauron artean, uste dut, batak bestearen babes handia daukagula.
Egia dena da, hiru edo lau ahotsetara goazenean, oso-oso ongi prestatuta joan behar dugula denek. Baina beno, biluzik ez dut uste sentitzen garenik.
Gainera, asko animatzen diogu elkarri: baten batek ahotsa gaizki baldin badauka, agertokian gaudenean… Konplizitatea daukagu bata bestearekin.
Urte askotako ibilbideak ematen duen eskarmentua ere bai badaukazue, eta horrek ere lagunduko du.
Bai, noski. Ez gara oraintxe hasi garenak, eta horrek laguntzen du, nahiz eta proiektu berri bat den. Elkarrekin ohitzen ari gara, baina agertokietan egindako ibilbideak laguntzen du.
Aspaldi utzi zuten taldeak bueltatzen ari dira, revival aro batean gaudela dirudi. Delirium Tremensek esan du bueltatuko dela, Asgarthek ere bai… Zuek ere bueltatu zarete, baina ez lehenagoko formatuan; olatu berri horretan sartuta egon zaitezkete baina ez guztiz…
Ez dakit modan jarri den edo zer den, baina ikusten da lehengo horren ekarri nahia. Nik ikusten dut, gauza puntual batzuetarako edo, baina nik ez dut nire burua orain lehen bezala ikusten. Fase hura pasa zen, denboraldi bat iraun zuen, eta bukatu zen.
Hertzainak ere bueltatu da, hasi dira kontzertuak ematen, eta egia da desiatzen nagoela ikustera joateko. Kanpotik ikusita, nire buruari esaten diot ikusi nahi ditudala, eta ea harrapa ditzakedan. Baina beno, Alaitz eta Maider osatu genuenok beste fase batean gaude. Maider bakarkako ibilbide bat egiten ari da, eta ni proiektu berri honetan sartuta nago. Gure burua bide ezberdinetan ikusten dut.
Alaitz eta Maider ez dela olatu horretara igoko, alegia.
Ez dugu esango ez dela bueltatuko, baina momentu honetan horrela gaude: bera bere ibilbidean; ni, nirean. Elkartu izan gara gauza puntual batzuetarako, eta horretarako prest nago beti. Baina proiektu berrietarako… uste dut bide diferenteetan gaudela. Bera oso gustura dabil, eta ni ere bai.
Oiartzunen kontzertua eman zenuten azaro bukaeran, zuek ere Hitzen Lihoaren egitarauaren barruan. Maurizia Aldeiturriaga zenaren irudia zuen pandero handi batekin apaindu zenuten agertokia. Zer dela eta?
Maurizia izan da aitzindarietako bat, eta erreferente garrantzitsua. Bere garaietan ez zen erraza emakumea plazara atera eta mundu horretan aritzea. Bera izan zen bidea ireki zuena, eta gu laurak emakume izanda, berarekin hasi eta bukatzen ditugu emanaldiak, erreferentzia eginez. Bere figura aldarrikatzeaz gain, emakumeen indarra, aldatu dena eta aldatzeko dagoena aldarrikatu nahi ditugu.
Zuk zeuk, emakume izateagatik, zailtasunak bizi izan dituzu zure ibilbidean?
Egia esan, nik ez dut zailtasunik bizi, baina entzun izan diet beste emakume batzuei. Agian izan da Maixa eta Itziar aurretik izan zirelako, eta guri bidea errazagoa egin zitzaigun. Nahiko erraz ikusi dut gurea. Batez ere, musikarena, gizonezkoen mundua zen, nahiz eta baginen emakume batzuk; ez nuen sentitu gehiago erakutsi behar genuenik.
«Ez dugu esango Alaitz eta Maider ez direla bueltatuko»
Orain zer duzue esku artean? Lauzpabost kontzertu dituzue programatuta, baina diskoa egitea buruan duzue?
Momentuz, diskoa ateratzea ez dugu pentsatuta. Errepertorioarekin ari gara, emanaldiekin, eta izan dugu proposamenen bat. Ez dugu baztertzen diskoa ateratzea, baina une honetan ez, lan handia suposatzen baitu. Hasi berriak garenez, oraingoz emanaldi horiek osatzen ari gara. Aurrera begira, ikusiko dugu.
Ibilbide luzea izan arren, hasi berriak zarete. Hasi berri batzuk bezala ere sentitzen al zarete?
Ez pentsa. Proiektua bai da hasi berria, baina, bestela, ez. Proiektu berri bat hasteak ematen du ilusio izugarria, oso gustura gaude.
Askotan aldarrikatzen da kontziliazioa. Zuen taldeak AMAK izena duenez, derrigorrezko galdera dirudi: nola uztartzen dituzue musika eta zaintza? Agian gizona bazina ez nizuke galdera hau egingo…
Gehien kostatzen zaiguna da entsegu orduak jartzea. Denok daukagu familia, baina egia esan, haurrak koskortuta ditugu. Bederatzi urtetik gorakoak dira, eta errazagoa da. Hitz eginda koordinatzen gara, eta laurok erraztasuna jasotzen dugu etxean bertan. Normaltasun baten barruan daramagu, gizon batek egingo lukeen bezala.
«Lazkaora joan nintzen bizitzera, baina beti sentituko naiz oiartzuarra»
Bakoitzak beretzako tartea hartzen.
Bai, hori garrantzitsua da. Bikote batean, batentzako zein bestearentzako garrantzitsua da norberarentzako denbora edukitzea, hartzea, eskaintzea eta garrantzia ematea.
Urte dezente daramazu Lazkaon bizitzen. Duela hiru urte Oiartzunera bueltatu zinen, Haurtzaro Ikastolaren 50. urteurrenean jotzera. Zer suposatu zuen zuretzako herrira bueltatzeak?
Kristoren emozioa sentitu nuen. Opari polita izan zen. Haur nintzenean joaten nintzen ikastola zen, eta emozio handia bizitu nuen. Gogoratzen dut kontzertua bukatu eta emozioa ez zitzaidala joaten, ez gorputzetik ez burutik. Hala ere, herrira beti bueltatzen naiz gustura. Lazkaora joan nintzen bizitzera, baina ni oiartzuarra sentitzen naiz. Eta beti sentituko naiz. Hori ez dut uste inoiz aldatuko denik.