Herbehereetan dira Pasaia Lezo Lizeoko ikasleak
Atzo iritsi ziren Roermond hirira Lizeotik abiatutako 22 ikasle eta bi irakasleak. Eskola Truke historikoaren 16. edizioa da aurtengoa.
Pasaia Lezo Lizeoa eta Bisschoppelijk College Broekhin institutuaren arteko harremanak, ez du etenik. Atzo iritsi ziren Lizeoko 22 ikasleak Roermond hirira, Limburg eskualdean, Herbehereetako hegoaldean. Haiekin batera bi irakasle joan dira. Gazteek astebete emango dute etxetik kanpo, hilaren 22ra arte.
Pasaia Lezo Lizeoko proiektu izarretako bat da zalantzarik gabe Limburg eta Oarsoaldea lotzen dituen eskola trukea. Ingelesa ikasteko helburuarekin sortu zen programa, baina gaur egun askoz ere gehiago da, elkartruke kultural garrantzitsua da bi ikastetxeentzat. Pasaia eta Lezoko ehunka gaztek parte hartu dute programan eta gehienentzat esperientzia ahaztezina izan da han bizi dutena.
Ongi pasako dute bai, baina atseden hartzeko denbora gutxi izango dute 22 ikasleek. Ingelesezko klaseak jasotzeaz gain, txango eta irteera ugari egingo dituzte: Belgikan egonaldi laburra egingo dute, Maaseik herria ezagutzeko. Limburgeko hiriburua ere bisitatuko dute, Maastricht hiri ederra. Amsterdamen, berriz, Anne Frank ospetsuaren etxea ezagutu ahalko dute. Irteera horiez gain, bertako ikasleen etxeetan igarotzen duten denbora aukera aparta izango da Herbehereetako bizimoduan murgiltzeko.
Pasaia Lezo Lizeoko ikasleen bidaiaren kronikak egingo dituzte egunero eskola trukearen blogean.