Ander Imaz: "Aurten, irabazi ala galdu, kantxan disfrutatzen ari naiz"
Atzelari oiartzuarra Iñaki Artolarekin batera ari da Binakako Txapelketan. Pasa den astean susto txiki bat izan ondoren, prest da bederatzigarren jardunaldiari ekiteko.
Ander Imaz (Oiartzun, 1994) Baiko enpresako pilotariak bost urte darama profesionaletan. Binakako Txapelketan buru belarri sartuta dabil. Bihar jokatuko dute bederatzigarren jardunaldiari dagokion partida.
Pasa den ostiralean zaintiratua izan zuen, eta hainbat proba egin ditu. Prest da jokatzeko. Eta guztia emateko.
Bihar Olaizola eta Urrutikoetxearen kontrako partida jokatuko duzue, Mungian. Txapeldun handiak dira, baina aurten, binaka, ez dabiltza oso fin. Nola ikusten duzu partida?
Partida asko galtzen dituzunean, uste dut morala bera ere jaitsi egiten dela. Iñaki [Artola] eta niretzako partida garrantzitsua da, azken hiru partidak galdu baititugu. Beraiek behean dauden bikotea dira, eta partida gogorra izango dela uste dut. Izenez oso handiak dira, eta partida irabaziko bagenu, izugarrizko pausoa emango genuke. Horren bila joango gara, presiorik gabe.
Mugarri izan daiteke partida? Launa garaipen eta porrot dituzue, eta beste sei partida geratzen zaizkizue…
Lehenengo seiren artean sartzeko sei garaipen beharko direla uste dut. Bi garaipen falta zaizkigu, eta uste dut lortuko dugula. Hala ere, ez dugu obsesionatu behar, bikote gogorrak dira. Txapelketa hasieran esan genuen garrantzitsuena lehiakorrak izatea zela, eta uste dut partida guztietan lortzen ari garela lehiakorrak izaten. Eta horrekin, pozik.
Pasa den asteko partidan, 15-6ra arte indartsu aritu zineten, ia akatsik egin gabe, zu nahiko serio ibili zinen. Gero joera aldatu zen, eta krak txiki bat gertatu zitzaizuen.
Txapelketa luzea da, eta azkenean, erakusten ari dena da partida guztietan eman behar duzula maila ona. Uste dut nahiko txapelketa ona egiten ari garela, baina ostiralean abantaila handiegia genuen hasiera horretan, eta gero beraiek partidan sartu zirela. Guk huts batzuk egin genituen, eta azkenean 22-21 galduta, penarekin geratu ginen, baina uste dut bai Artola eta bai ni ongi jokatzen ari garela.
Lesio txiki bat izan zenuen, zaintiratu bat.
Ziztada bat sentitu nuen, nahiko gogorra. Astelehenean egin nuen proba, eta susto batean geratu da. Nekearen eragina izan zen. 900 pilotakadatik gora egon ziren, eta aspaldian egon den partidarik gogorrena izan dela uste dut. Azken urteetan ez da egon ia milara iritsi den norgehiagokarik.
Hirugarren urtea duzu binakako txapelketan titular moduan. Orain arte, lau garaipen eta lau porrot bildu dituzue. Ongi hasi zineten, eta Gabonetan hasi zen, pixka bat, beherakada…
Aurten gauzak aldatu dira. Iaz lehenengo laurak pasatzen ziren, besteak atzeratu, eta aurten lehenengo seirek dute pasatzeko aukera. Hasieratik nahiko maila ona ematen ari gara. Igual joko indartsuagoarekin hasi ginen, garaipenak lortzen, baina azkeneko hiru partidatan aukerekin egon gara, bat kenduta: 22-20 eta 22-21 galdu dugu.
Lehiakorrak izaten ari gara partida guztietan, eta hori da hasieratik geneukan helburua. Polita izango litzateke lehenengo sei horien artean sartzea.
Itxaropentsu al zaudete?
Oraingoz bai. Baina argi eduki behar dugu edozein momentutan edozein lesiok edo edozein eskuetako minak txapelketatik kanpo utz zaitzakeela.
Hamalau partidako ligaxka luze egiten al zaizue?
Bai. Hamalau astez, astero partida bat jokatzea luze egiten da. Denetarik egon daiteke: momentu onak, txarrak… Azkenean, zure bikotearekin elkarbizitza moduko bat da. Egunero entrenatu behar duzu berarekin, eta batek momentu txarrak edukitzean bestea animatzen saiatu behar da. Iñakik [Artola] eta nik txikiak ginenetik ezagutzen dugu elkar, eta horrek ere laguntzen du.
Elkar ongi ulertzen duzue, beraz.
Txapelketa luze batean funtsezkoa da elkarrekin ongi eramatea, bestela oso luze egiten dira. Elkarrekin oso ongi konpontzen gara, eta horrek gauzak errazten ditu. Bi pilotari indartsu batera jartzen badituzu, eta feeling-ik ez badute, hori nabaritzen da kantxan. Alde horretatik pozik nago Iñakirekin jokatu izanaz, lehen aldia baita txapelketa luze bat elkarrekin jokatuko dugula. Pozik nago, eta ea horrela segitzen duen.
Ongi ari zarete, baina zeintzuk dira zure sentsazioak?
Gustura ari naiz. Txapelketa honetan badira bikoteak gu baino gogorragoak direnak, eta presio aldetik, pixka bat kentzen dizu.
Aurreko urtean ez nuen asko disfrutatu, momentu txarrak izan nituen eta ez nuen joko maila aurkitzen, baina aurten, behintzat, galdu ala irabazi, disfrutatzen ari naiz, kantxan maila ematen, eta hori niretzako oso garrantzitsua da.
1990eko hamarkadakoak zarete pilotari gehienak. Belaunaldien arteko erreleboa emanda al dago?
Baietz uste dut. Orain dela lau urte egin nuen nik debuta, eta orduz geroztik esango nuke 30 urtetik gorako pilotariak oso gutxi daudela. Aimar Olaizola hor dago, eta Oinatz Bengoetxea eta beste pare bat kenduta, denak 25, 26 eta 27 urtekoak gara. Egon da erreleboa, baina ona da zaharrago diren batzuk egotea. Beraiek erakusten dizute pilotan jokatzen, eta laguntzen zaituzte.
Zure estatistikek esaten dute, debutatu zenuenetik, garaipen gehiago dituzula.
Balantzeek esaten dute garaipen gehiago ditudala porrotak baino, baina azkenean sentsazioa da balio duena. Kantxan zaudenean beti nahi duzu irabazi, eta urtean zehar erregulartasun hori mantentzea inportantea dela zu kontuan hartzeko. Azkeneko urte hauetan ez dut lesio larririk eduki, eta hori garrantzitsua da erregulartasun bat edukitzeko. Asko egiten du horrek.
Oraindik progresiorako tarterik ba al daukazu?
Goi mailan edozein puntu txikik gora egiten laguntzen zaitu. Uste dut baditudala gauza asko ikasteko. Eskubiarekin konfiantza handiagoa daukat eta ezkerrarekin gehiago kostatzen zait sartzea. Astean zehar ordu asko sartzen ditut Pablo Berasaluzerekin hori hobetzeko.
Oiarpeko gazteak entrenatzen dituzu. Klubetik ateratako bi jokalari izan zarete, duela gutxi arte, profesionalak. Lan onaren seinale da.
Aspaldi ez zela Oiartzungo profesionalik ateratzen, eta bi egotea klubean lan ona egin denaren seinale da. Zortea eduki nuen nik debutatzekoa, eta Andoni [Ugaldek] ere aukera izan zuen. Herriarentzat polita da, kalera ateratzen garenean animo asko jasotzen baititugu, eta herriak asko bizitzen duen kirola dela uste dut.
Pena da Andonik, debuta egin zuenetik, ez zuela bere mailarik onena eman, eta enpresak bota egin zuela, baina beno… Klubean 6-7 urte daramatzat hemengo mutikoei irakasten, eta balio duena da kirolarekin gozatzea eta ikastea.
Pilotari profesionala irakasle edukitzeak harrotzen al ditu?
Irabazten dudan astean gehiago [kar-kar]. Ni pozik nago erakusten, mutiko jatorrak daude, eta saiatzen naiz erakusten ahal dudana erakusten. Txikitatik egon naiz klub honetan, eta niri ere erakutsi zidaten.