Intxixu-AEKko ikasleek ardo dastaketa euskaraz egingo dute, bihar
Mikel Salvador adituak ardo motak bereizten irakatsiko die Oiartzungo euskaltegiko ikasleei. Mintzagun tailerren barruko saioa da.
Oarsoaldeko euskaltegietako ikasleek Mintzagun saioak egiten dituzte, interesa piztu edo gaurkotasuna duten gaiak bertatik bertara ezagutzeko. Bizipen berri horiek euskaraz izateak memorian iltzatuta gelditzea laguntzen die euskaltegietako ikasleei.
Egunotan, Mikel Salvador ardoetan aditua Oarsoaldeko euskaltegi guztietako ikasleekin elkartuko da. Bihar izango da Intxixu-AEKren txanda. Oiartzungo euskaltegiko ikasleek ardo motak bereizten ikasiko dute 18:00etatik 19:30era, Fermiñeneko egoitzan.
Oarsoaldeko Euskara Batzordeak eta euskaltegiek batera antolatzen dituzte Mintzagun tailer horiek. Tailer horiekin, ikasleek ikus dezakete edozein gai euskaraz jorra daitekeela.