Lau euskal herritarren atxiloketa salatuko dute gaur
Oihana San Vicente, Haimar Altuna, Antton Lopez eta Oihana Garmendia atxilotu dituzte. Lehen biak Sortukoak dira, eta beste biak, Kalera Kalera-koak.
Guardia Zibilak Oihana San Vicente, Haimar Altuna, Antton Lopez eta Oihana Garmendia atxilotu ditu gaur, Auzitegi Nazionalak agindutako operazio batean.
Presoei egindako harrerak zuzentzea egotzi diete, Espainiako Barne Ministerioak jakinarazi duenez. Iturri beraren arabera, hiru urtez antolatu dituzte harrerak: “Omenaldi ekitaldiak zuzendu eta koordinatu dituzte, baina euren jarduna ezkutatzeko hainbat elkarte erabili dituzte tresna gisa”. Lau lagunei “terrorismoa goratzea” eta “biktimak umiliatzea” egotzi diete.
Lopez eta Garmendi Kalera Kalera-ko kideak dira, eta San Vicente eta Altuna Sortuko arduradun politikoak Araban eta Gipuzkoan, hurrenez hurren.
Atxilotutakoak arratsaldean geratu dira aske, Guardia Zibilaren aurrean deklaratu ondoren.
Mobilizazioa
Sortuk eta EH Bilduk atxiloketak salatu dituzte. Presoei egindako harrerak aitzakia besterik ez direla salatu dute, eta Euskal Herriko zein Kataluniako gatazken irtenbidea oztopatzeko pauso bat direla.
“Estatu sakona deitzen dugun horren saiakera berri bat da, agertoki hau baldintzatu eta lokazteko, aukera leihoak ixteko”, esan du Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiak.
EH Bildu ildo beretik mintzatu da. “Eraso oso larria da, eta estatuko aparatuek bilatzen dutenaren adierazle garbia. Salbuespen demokratiko baten aurrean gaudela esan dezakegu”, adierazi du Maddalen Iriartek. Gizarteari eskatu diote erantzuteko, eta mobilizazioetan parte hartzeko.
Oiartzunen mobilizazioa 19:00etan izango da, Done Eztebe plazan, Atxilotuak askatu. Bakea eta askatasuna irabaztera lelopean.