Erasoen aurrean irtenbide politiko eta demokratikoak sustatzera deitu du Sortuk
Espainiako Auzitegi Nazionalak agindutako operazioa gogor salatu zuten atzo. Sortuk deituta herritar ugari bildu ziren Herriko Plazara atzo iluntzean.
Antton Lopez Ruiz Kubati, Oihana San Vicente, Haimar Altuna eta Oihana Garmendia Sortuko kideak atzo arratsaldean utzi zituzten aske Guardia Zibilak Bilbon, Donostian eta Gasteizen dituen polizia etxeetan deklaratu ostean. Lau euskal herritarrei “terrorismoa goratzea” eta “biktimen umiliazio” delituak leporatu dizkiete, zehazki, euskal presoei egindako 95 harrera ekitaldi “antolatu eta koordinatzea” egotzi diete.
Espainiako Auzitegi Nazionalak agindutako operazioa gogor salatu zuten atzo. Sortuk deituta herritar ugari bildu ziren Herriko Plazara atzo iluntzean. Sortuk elkartasuna helarazi zien atxilotutako lau kideei eta haien ingurune hurbilari. Atzoko atxiloketak ez dira “kasualitatea” izan Sorturentzat: “Egun bizi dugun testuinguruan, inoizko adostasunik zabalena dago euskal gizartean espetxe politika aldatzearen alde, PSOEk onartu du Katalunian gatazka politikoa dagoela, eta inplizituki Euskal Herrian ere”. Marko zehatzean kokatu ditu atxiloketak, eta Euskal Herriko eta Kataluniako independentismoak sustatu duten egoera berriarekin erlazionatu ditu. Parez pare “estatu sakona” dutela erantsi du, “edozer egiteko prest dagoena. Eskuin mutur polizial judizial eta mediatikoak ezker abertzaleak eta oro har independentismoak irekitzen lagun dezakeen edozein aukera leiho zapuzteko saiakera bat da; izan ere, independentismoa aukera leiho bat zabal dadin lan egin du, Euskal Herriko eta Kataluniako gatazketan aurrera egitea ahalbidetu lezakeen agertoki berri baten alde jardun du”.
Ezker abertzalearen estrategia “zapuzten” saiatzen diren lehen aldia ez dela esan du bestalde Sortuk eta ETAren armagabetzea eta erakunde armatuaren amaiera aipatu ditu besteak beste, “orain estatuaren estolderiek egungo egoera politiko berria sabotatu nahi dute. Eskuin mutur polizial, judizial eta mediatikoa gerran daude gatazka konpontzeko edozein soluzio hipotesiren aurka”.
Politikoei eta jendarteari dei egin dio azkenik Sortuk, “eraso hauen aurrean eta politikagintzaz haragotik datozen interferentzia horien guztien aurrean” gatazkarentzat eta haren ondorioentzat soluzio politiko eta demokratikoak susta ditzaten. “Estatu sakon horri, eskuin mutur polizial, judizial eta mediatiko horri zera adierazi nahi diogu: errepresio bidez, guardia zibilekin eta Auzitegi Nazionalarekin ez dute agertoki berri bat irekitzeko aukera lortzearren ezker abertzaleak egindako jarduna aldatuko”.