'Errimak bi oinetan' etxera ekarriko du Haatik Dantza Konpainiak
Etxetik gertu amaituko du urtarrila Haatikek. Dantza garaikideari bertsoak jartzen dizkion ikuskizuna, Donibaneko Juanba Berasategi aretoan izango da ikusgai hilaren 26an (igandea) 19:00etan.
Bertsoak dantzatuko dituzte Pasai Donibaneko Juanba Berasategi aretoan. Haatik Dantza Konpainiak Errimak bi oinetan ikuskizuna eskainiko du hilaren 26an (igandea) 19:00etatik aurrera. Emanaldi benetan berezia izango da protagonistentzat, etxekoen aurrean ariko baitira. Sarrerak aldez aurretik erosi beharko dira, honako webgunean.
Badira aste batzuk dantzari bertsoak jarri zizkietela Haatik Dantza Konpainiako kideek. Ez ordea, lehen aldiz, izan ere, gaur egungo lana 2011ko Errimak oinetan piezaren jarraipena da. Konpainiaren izen ona, Ikuskizun horri esker hasi zen hein batean, eta bigarren partea baino, ziklo bat itxi nahi dute Errimak bi oinetan lanarekin. Formatu bera mantendu arren, ez da lan bera inondik inora, norberaren zortzi urteko ibilbide profesionala gehituz ikuskizuna aberatsagoa baita.
Dantzariez gain, publikoa ere aldatu dela azaldu du, Unai Elizasu zuzendariak, “duela zortzi urte formatu hau ezezaguna zen. Inork ez zuen ulertzen zer zen eta horrek erakargarriagoa egin zuen. Bigarren emanaldi honek aurrerago joateko aukera eman digu, jendeak badaki zertaz ari garen”. Oinarria alde batera utzi gabe, ikuskizun garatuagoa da oraingoa.
Aiert Beobiderekin batera zuzentzen du Elizasuk Errimak bi oinetan. Baina bera ez da dantzaria, bertsozale amorratua baizik. Berak du ikuskizunari gaiak jartzeko ardura eta ziur da, bertsolaritza beste arlo kultural batzuekin batzeko aproposa dela, “bertsolaritza sagardotegitik atera eta musikarekin edota artearekin batzeko gai izan da. Dantzarekin modu honetan batzen ordea, aitzindariak izan gara”. Dantza ikuskizun bat “bertsoaren logikatik” ikusteko aukera izango da igandean Juanba Berasategi aretoan.