Seinale berriak jarri dituzte: 'Oiartzunek ez du eraso sexistarik onartzen'
Herriko lau txokotan jarri dituzte indarkeria matxistaren kontrako seinaleak, Udalak eta Oiartzungo Feministen Asanbladak elkarlanean.
Indarkeria matxistari aurre egiteko beste urrats sinboliko bat eman dute Oiartzunen. Seinaleak jarri dituzte, udalaren eta Oiartzungo Feministen Asanbladaren ekimenez, herriko lau puntutan.
Beheko Plazan, Arrakuskarre kalean eta, Iturriozko eta Ugaldetxoko bidegorri sarreretan jarri dituzte seinaleak, honako mezu honekin: Oiartzunek ez du eraso sexistarik onartzen.
Horrekin argi utzi nahi izan dute indarkeria matxista errefusatzen duen herria dela. Horrelako zeinuak garrantzitsuak direla aldarrikatu zuten pasa den astean, indarkeria matxistaren egoeraren diagnosiaren aurkezpenean.
Fermiñene eraikinaren kanpoaldean dagoen panela jarri zuten adibide bezala. Iazko otsailean ezarri zuten bertan, eta aurkezpenean azaldu zutenez, indarkeria matxista pairatu duen emakumeei konfiantza ematen die ikustea badagoela indarkeria mota horren kontrako aldarria.