Eskarmentua, garai berriei aurre egiteko
Oiartzungo Haurtzaro Ikastolak ikasleak ditu erdigunean, eta haien behar eta erritmoetara egokitutako sistema du indarrean. Herrian zeharo txertatuta dagoen egitasmoa da Haurtzarorena.
EDUKI BABESTUA / HAURTZARO IKASTOLA
Haurtzaro Ikastolak 53 urteko bidea du egina, badu historia eta eskarmentua atzetik, handia. Denbora horretan ikasi dute gizartea aldatzen joan den heinean, hezkuntza eredua ere aldatzea tokatzen dela. Eta hala egin dute Haurtzaron. Ikasleak erdigunean jarri dituzte, euren erritmora begirako sistema dute abian, iritzita garrantzitsuena haurrak direla, pertsonak.
Haurrak duen erritmoa errespetatzea oso garrantzitsua dela uste dute Haurtzaron; denek ez dute ikasketaren bidea abiadura berberean egiten, baina azkenean, denak helburura iristen direla jakinarazi du ikastolako zuzendari Aritz Gonzalezek. Hau da, haurraren garapena beti da normala, eta Haurtzarotik hedatu nahi duten mezua da haurra jaiotzen denetik, sei urte bete arte, harengan jarri behar direla indarrak. «Haurrak hazi bat dira, eta badu indar nahikoa hazteko. Guk egin behar duguna da zaindu, dagokiona dagokion unean emanaz», esan du zuzendariak. Beraz, haien beharrak erantzutea da oinarria.
Bizitzarako hezkuntza da Haurtzaro Ikastolaren lelo nagusia. Hezkuntzak ez du alderdi pedagogiko edo akademikoa bakarrik hartzen bere barruan, beste alde asko baditu, eta horretatik asko ematen dute Haurtzaro Ikastolan, etorkizuneko herritarrak hezten dituzte.
Horri begira, Haur Hezkuntzako (HH) geletan lan esanguratsuak egin zituzten duela hiru urte, ikasgeletako hormak bota eta espazio zabalak lortzeko: eremu irekietan mugitzen dira HHko ikasleak, aske, txokoetan oinarritutako esparru handietan. Irakasleek ere formazio berezi eta sakona jaso dute hezkuntza eredu berrituari behar bezala erantzuteko. Elkarlanean oinarritutako funtzionamendua da Haurtzaroko profesionalek aurrera eramaten dutena, beti, erdigunean haurrak daudela.
Duela hiru urte hasitako bide orri koherentzia emate aldera, Lehen Hezkuntzako lehen zikloko ikasgeletan ere eraldatze lanak egin berri dituzte.
Herrian eragile
Haurtzaro Ikastolaren jatorria eta sorrera herritik dator, oiartzuarrek sortu zuten duela 53 urte ikastola. Behar bati erantzunez sortu zuten, eta hezkuntzan aurrera urratsak emateaz gain, herrian eragile izateko bokazioa du ikastetxeak.
Horrela, Oiartzungo Adin Txikikoen Mahaian, Euskara Batzordean, edo gizarte arloko egituretan presentzia du. Horrez gain, Oiartzungo jaietan zein inauterietan ere kaleak hartzen dituzte, «herrian kaleko ekitaldiak egiten diren bakoitzean ez gara oso urruti ibiltzen», esan du ikastolako zuzendariak.
HAURTZARO IKASTOLA
-
Helbidea. Elorrondo kalea z/g, 20180, Oiartzun.
-
Telefono zenbakia. 943 49 16 59.
-
Posta elektronikoa. Hemen sakatu helbide elektronikoa lortzeko.
-
Webgunea. www.haurtzaroikastola.eus.