Pasaiako hirugarren Kirol Gala, asteazkenean
Donibaneko Juanba Berasategi aretoan egingo dute ekitaldia. Pasaiako kirol elkarte, eragile eta norbanakoek 2019an egindakoa aitortuko dute.
Pasaiako Kirol Galaren hirugarren ekitaldia egingo dute hilaren 29an (asteazkena), 19:30ean hasita Donibaneko Juanba Berasategi auditorioan. 2019an esanguratsuak izan diren kirol ekintzen laburpena egitea da ekitaldiaren xedea, jarduera fisikoaren eta kirolaren praktikaren garrantzia nabarmentzeko. Hala, Pasaiako Udalaren Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Sailaren bitartez, udalerriko kirol elkarteen sarearen egitekoa aintzat hartu, eta sare horretako kirolari talde eta kideei aitortza egiteko baliatuko dute gala: publikoki haien ahalegina, dedikazioa eta eskaintza aitortu nahi dute, kirolaren balioa goraipatuz, eta saria jasotzen dutenentzat pizgarri modura. Gainera, kirolarien eta herritarren elkargune izango da Juanba Berasategi asteazkenen arratsaldean.
Bertan egoteko gonbidapenak herriko kirol elkarte eta bestelako eragileen artean banatu dira. Hala ere, ekitaldia irekia da, eta gonbidapen horiek HAZ bulegoetan edota Jarduera Fisikorako eta Kirolerako Sailean eskura daitezke.
Hautagaiak 2019an izan diren kirol merituen arabera bereizi dira. Horrela, iaz egindakoari gorazarre egiteko galan honako talde, eragile eta norbanakoei egingo zaie aitortza. Honakoak dira:
- Pasaia Kayak taldearen errepasoa egingo da, eta Ion Carballori aitortza.
- Pasai Donibane-Koxtape arraun taldeko Haurren Mailako taldeari aitortza, Gipuzkoa, Euskadi eta Espainiako txapeldun izateagatik.
- Donibane Eskubaloia kirol elkarteko Senior eta Kadete mailetako taldeei aitortza, Gipuzkoako Kopa irabazteagatik.
- Antxotarrak Lasterkari Taldeko kide Edurne Jauregiri eta Ana Cruz Oyarzabali aitortza, Kirolprobak Ligan irabazle izateagatik.
- Pasaiako Trintxer Hockey Taldeari aitortza, 50. urteurrenagatik.
- Pasaitarrak izanik, udalerrikoak ez diren elkarteetan aritzen diren kirolari nabarmenduei ere egingo zaie aitortza.
Horrez gain, hainbat aurkezpen eta azalpen emango dituzte gala bitartean. Hala, Pasaiako Badia Aktiboa estrategiaren aurkezpena eta horren barruan dauden programen azalpena egingo da: Jarduera Fisikoa eta Kirol Orientazio Zerbitzuaren ibilbidea, nahiz Etxean Bizi eta Heldufit egitasmoen aurkezpena egingo dute, besteak beste. Tipi-Tapa ekintzek aitortza izango dute, eta Bizikleta mugikortasunaren gainean egindakoak ere azalduko dituzte: BiziBadia mailegu sistema, eta bizikletan ikasteko ikastaroaren informazioa.
Oarsoaldea mailan landutakoen berri emango dute aldi berean.