[Galeria eta bideoa] Oiartzungo grebalariek herria gelditu dute
Jarraipen handia izan du greba orokorrak Oiartzunen. Antolatzaileen lehen datuen arabera, lantegien %70a batu da deialdira, eta herria itxita dago.
Jarraipen handia izan du Urriaren 30ko greba orokorrak Oiartzunen. Oiartzuarrak ere goiz-goizetik irten dira kalera, pentsio, lan baldintza eta bizitza duinak nahi dituztela aldarrikatzeko. Goizean hamarka pikete Mamut merkatalgunean bildu dira, eta goiz osoan zehar bueltaka ibili dira. Udaleko pleno aretoa indarrak hartzeko gune inprobisatu bilakatu dute, gosari kolektiboa egin dute bertan. Eguerdian berriz, jendetza abiatu da Donostiako manifestaziora, hilerritik irten den auto karabanan.
Greba antolatzaileen azken datuen arabera, Oiartzungo lantegien %70ak egin du greba. Herria goitik behera itxita dago lehen ordutik, beraz erdigunean behintzat, jarraipen oso handia izan du deialdiak. Arratsaldean datu ofizialak emango ditu HITZAk, jaso bezain laster.
Luze joko du gaurko egunak. Honakoa da arratsaldeko egitaraua:
- 14:30ean: Bazkari autogestionatua, pleno aretoan.
- Ondoren, mikrofono irekia, eta musika tresnak eramatera animatu dute.
- 17:30ean: Oiartzungo mobilizazioa. Iragarri dutenez, zaintza lanak egiten dituzten emakumeek greban parte hartzeko saiakera egingo dute.
- Bukatzeko, askaria egingo dute pleno aretoan. Egunak utzi duena iruditan ikusiko dute.
- Egun osoan zehar: udaletxeko pleno aretoa topagune bihurtuko da, deskantsurako eta abar.
Hona hemen goizeko mobilizazioek utzitako irudiak: