Ikasgelatik kanpo ere, euskaraz
Hamar urte dira Oarsoaldea garapen agentzia Lanbide Heziketako praktikak euskaraz egiteko aukera ematen hasi zenetik. Programari esker, 200 ikaslek euskaraz egin dituzte.
Lan munduan euskararen presentzia indartzeko apustu garbia egin du azken hamarkadan Oarsoaldea garapen agentziak. 2010etik, Lanbide Heziketako ikasleei praktikak ere euskaraz egiteko aukera bermatu diete. Programa honi esker, orotara, 200 ikasle inguruk lan mundura saltoa euskaraz egin dute, eta aurten, inoiz baino enpresa gehiagok eskainiko dute aukera berbera.
Astelehenean aurkeztu zuten programa honen hamargarren deialdia, Don Boscon egindako agerraldiarekin. Bertan, garapen agentziako, Lanbide Heziketako zentroetako eta Oarsoaldeko lau udalerrietako ordezkariak izan ziren.
Gero eta ikasle gehiago dira euskaraz ikasteko apustua egiten dutenak, baina agentziatik diote programa sortu aurretik lantokiko praktika gehienak gaztelaniaz egin behar izaten zituztela. Egoera horri bira emateko konpromisoa hartu zuten orain dela hamar urte lau udalerriek eta Don Boscok. Iaz batu zen egitasmora Blas de Lezo Itsas Arrantza Eskola. Bi zentroen erronka urtez urte eskaintza handitzea izan dela diote, eta etorkizunari begira eskualdetik kanpora zabaltzeko asmoa ere badute.
Lehen edizio hartatik, urtero 20 bat ikaslek praktikak euskaraz egiteko apustua egin dute, hau da, ikasle guztien %30-35ak. «Ez da kopuru oso handia, baina kualitatiboki datu oso garrantzitsua da», diote garapen agentziako iturrietatik.
Egitasmoan parte hartzen duten enpresei eskatzen dieten baldintza bakarra honakoa da: instruktore euskalduna izatea. Hala, ikasleek tutore euskaldun moduko bat dute alboan uneoro. Ikasleak lan egingo duen ingurunean errotulazioa eta seinaleztatzea euskaraz egongo dela bermatuko du, eta eguneroko lan idatziak, aginduak eta parteak ere euskaraz izatea ahalbidetuko du.
«Oarsoaldeko lau udalontzat berebiziko garrantzia dute lantokiko praktikek. Euskaraz egindako lanbide ikasketek lan munduan segida izatea, gure iritziz, hizkuntzari dagokionez erabakigarrienean, garrantzi handikoak dira, jarraipena ematen diote abiatutako hizkuntza prozesuari», diote garapen agentziako kideek.
Egitasmoa zazpi enpresarekin hasi zela nabarmendu zuten asteleheneko agerraldian, eta egun, 21 enpresa direla praktikak euskaraz eskaintzen dituztenak. Ia gehienak Lezo, Pasaia, Errenteria-Orereta eta Oiartzungoak direla argitu dute, baina Irun eta Donostiakoak ere badira tartean: ABB Niessen, Papresa, CAF (Irun), IDK Elektronika, Easo Motor, Lurauto, Linke, Camara, Ekonek, Suministros Itxaso, Lucretia, Txingura Tailerrak, Tecnalia (Donostia), Dardarak, Pamendi tailerrak, Beissier, Azti, Fraisoro, Errotek galdaragintza, Itxas Zerbi eta Kotacero. Garapen agentziatik zehaztu dutenez, enpresetan egindako esku hartzeen kostua lau udalek bere gain hartuko dute, osotasunean. Beraz, enpresek ez dute diru inbertsiorik egin beharko.
Baliagarria ikasleentzat
Ruben Cuadrado ikaslea izan da programaren onuradunetako bat, iaz egin zituen praktikak euskaraz. Erdi Mailako ikasketak amaitu, eta Oiartzungo Easo Motor enpresan aritu zen hiru hilabetez. «Praktikak euskaraz egiteko iazko esperientzia niretzat oso baliagarria izan zen». Euskaraz egiteko aukera izateak asko lasaitu zuen Cuadrado, ohituta baitago euskarazko terminologiara eta hitz teknikoetara. Gaztelaniaz baino erosoago sentitu zela aitortu du, hasierako beldur horiek berehala kitatu zituela instruktorearen laguntzarekin. «Bide honetatik jarraitu beharra dagoela iruditzen zait, errealitate hau gero eta sendoagoa izateko», gehitu du ikasleak.
Programaren gaineko informazio eta xehetasun gehiago, garapen agentziaren webgunean eskuragarri dago, baita Don Boscoren eta Pasaiako Udalaren webgunean ere.