Kontxa Murgia omentzeko ekitaldiak egingo dituzte hurrengo astean

Poesia errezitaldia, matxinadei buruzko hitzaldia eta musika izango dira aurtengo egitarauaren osagaiak, omenaldiaz gain.

kontxa murgia Poesia errezitaldi musikatua gaur zortzi egingo dute.

Fato Cultural Daniel Castelaok eta Oiartzungo Udalak elkarren artean antolatu dute Kontxa Murgiaren omenaldia, beste urte batez. Otsailaren 6tik 8ra egingo dituzte ekitaldiak —ostegunetik larunbatera—.

Liburu aurkezpen batekin hasiko dira ekitaldiak. Xose Estevez historialariak Las matxinadas en Euskal Herria (siglos XVI-XIX) liburuari buruzko hitzaldia emango du. Nabarralderekin argitaratu du liburua, eta bertako editorea —Anjel Rekalde— arituko da solasaldian. Ekitaldia udaletxeko pleno aretoan izango da, 19:00etan hasita.

Poesia eta omenaldia

Ostiralean poesia errezitaldiaren txanda izango da. Gabriel Aresti, Manuel Maria eta Antton Kazabonen poemak errezitatuko dituzte. Estevez eta Kazabon arduratuko dira irakurtzeaz.

Ohi bezala, musikariek errezitatzaileak lagunduko dituzte. Edurne Saizarrek pianoa joko du; Haizea Lekuonak, flauta; eta Oihane Mitxelenak, eskusoinua. Hori ere bai 19:00etan izango da, udaletxean.

Larunbatean izango da Murgiaren omenaldiaren txanda, 12:00etan hasita. Manuel Lekuona bibliotekan —haren jaiotetxean— lore eskaintza egingo diote, eta Estevezek berak eta Iosune Cousillas Kultura zinegotziak hitza hartuko dute.

Ekitaldi horretan musikarik ez da faltako: Lartaungo txistulariek eta Donostiako Galizia Etxeko Trisqueleko musikariek girotuko dute ekitaldia. Bukatzean, pintxoak dastatuko dituzte.

Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.