Prest beste 20 urtez ostikoka jarraitzeko
Zabalenea II. Gaztetxeak hogei urte beteko ditu aurten, eta urteurren berezia behar bezala ospatzeko, urte osoko egitaraua prestatzen ari dira. Gaztetxea kalera atera nahi dute, eguneroko jarduna herritarrei gerturatzeko asmoz.
Zabalenea II gaztetxeak ateak zabaldu zituenetik, bigarren etxe bat aurkitu dute bertan herriko gazteek. Belaunaldi ugari igaro dira bertatik, euren behar eta nahiei bidea irekitzeko leku aproposa aurkitu dute eraikin autogestionatuan. Bada, urriaren 31ean hogei urte beteko ditu, eta urteurrena biribiltzeko, herriko gazteek dozenaka ekitaldi eta jarduerez apaindu dute 2020ko egitaraua.
Oreretako Gazte Asanbladak (OGA) aspaldi hasi zituen egitarau berezia prestatzeko lanak, eta horretarako espresuki asanblada paralelo bat sortu dute. «20. urteurrena gaztetxetik pasatu diren belaunaldi ezberdinekin ospatu nahi dugu, horregatik guztiekin biltzen ari gara, denon artean egitarau biribil bat antolatzeko», azaldu du OGAko kide Ane Beltranek. Asanblada paraleloko kide da Aitor Elizalde, eta egun jada OGAko kide aktibo ez den arren, zenbait lagunekin batera berriz ere gaztetxeari bultzada bat ematera animatu dira. «Orain arteko urteurren bereziena da. Gaztetxeari bizitza ematea da helburu nagusia, eta belaunaldi ezberdinen arteko elkarlana sustatzea».
Zabalenea II gaztetxeari bizitza emateko lehen erabakia kalera ateratzea izan da. «Kalera aterako ditugu ekintza asko, gaztetxea herritarrei gerturatu nahi diegu, ikus dezatela tresna bat dela edozein behar asetzeko, edozeinen eskura», gehitu du Elizaldek. Beltranek dio gazteez harago, haurrek eta helduek erabiltzeko tresna era badela gaztetxea, beraz, «ateak beti zabalik» daudela.
Kontzertuak, erakusketak, arte eszenikoak, lehiaketak, bertso afariak, haurrentzako jolasak, olinpiadak, mendi irteerak… Denetarik prestatzen ari dira, datozen hilabeteotan herriko gazteek ez dute aspertzeko aukera eta aitzakiarik izango. Hilabetero ekintza eta jarduerak eskaintzeko asmoa dute. Oraindik horietako asko zehazteke dituzten arren, dagoeneko urte osoan jorratuko dutenaren zertzelada bat eman dute gazteek. Lehen deialdia datorren asteburuan izango da. Maria Lezo kalean 15. urteurrenean margotutako murala berrituko dute auzolanean. Bestalde, urteurrenaren kamiseta aukeratzeko marrazki lehiaketa bat abiatuko dute otsailean. Gazte izateko jaioak, 20 urte ostikoka leloak apainduko ditu gazteen soin berriak. Gutxi ez balitz, garai bateko Izorrai! aldizkaria berreskuratzeko apustua ere egin dutela aurreratu dute gazteek, eta urteurrenerako espresuki sortutako abesti bat kaleratuko dutela. Urriaren 31ean, aldiz, egun handia ospatuko dute, Arenalean. Egitarau osoa, OGAren sare sozialetan eskuragarri izango da.
Urteurrena antolatzeko bilerak igandetan izaten direla zehaztu dute gazteek, 17:30ean. Herriko gazte guztiei —eta gazte izandakoei— bertaratzeko gonbita luzatu diete.
Eskola eta bigarren etxea
Hiru belaunaldi ezberdinek egiten dute egun lan ukondoz ukondo gaztetxean. Azken hamarkadan bereziki ereindakoak fruituak eman dituela aitortu dute biek, eta jada gazte asko prest daudela gazteenei lekukoa pasatzeko. «Belaunaldi berri bat martxan dago», azaldu du pozik Beltranek. Urteurrenarekin ere hazi berri bat erein nahi dute, azken urteotako bultzada horri segida emateko. «Urteurrenetik zerbait ateratzea nahiko genuke, gerturatzen direnengan zerbait ereitea, etorkizuneko gaztetxearen zimenduak ezartzeko», gehitu du Elizaldek.
Egun gaztetxean hasi direnentzako bezala, Beltranek dio harentzat ere «bigarren etxe bat» izan dela gaztetxea, asko ikasi duela eguneroko lanarekin. Elizaldek ere iritzi berbera du, eta harentzako «eskola» bat izan da Zabalenea II. «Esperientzia pila bat bizitu ditut hemen, gazte orori gomendatuko nioke hemendik pasatzea, uste dut ez direla damutuko».