[Galeria] «Bidea ez da eten. Gaur ez da ezer hasten, ez ezer bukatzen»
Antiju Morik talde feministak bukatutzat emango du gaur zazpi urteko ibilbidea. Bihartik aurrera, Oiartzungo Asanblada Feminista gisa lanean ariko dira.
Antiju Morik taldeko kideak, gaurko agerraldian. Oiartzungo Antiju Morik talde feministak bide bat itxiko du gaur. Orain dela pare bat aste iragarri zuen taldeak izen horrekin ez zuela lan gehiago egingo. Bihartik aurrera Oiartzungo Asanblada Feminista zabal eta anitz gisa funtzionatzen hasiko direla jakinarazi dute gaur Hipatiaren lorategian egindako agerraldian. Bertan, zazpi urteko ibilbidearen balantzea egin dute, eta etorkizunari begira dituzten borrokak iragarri dituzte. Ondoren, bazkaria egingo dute, eta amaitzerakoa, poteoa egingo dute herritik.
«Bidea ez da eten. Gaur ez da ezer hasten, ez ezer bukatzen», honela hasi dute gaurko agerraldia. 2012 urte hasieran herriko emakume batzuk herrian feminismoa lantzeko asmoz hausnarketa prozesu batean murgildu zirela gogoratu dute. Bertan, adin, eremu, lan sektore eta auzo ezberdinetako 30 emakume inguru lanean hasi ziren, «herria feminismotik astinduko zuen talde baten beharra baitzuen Oiartzunek».
Sorrera hartatik feministek diote herritar batzuk ez zirela taldearen sorreraz poztu, batzuentzat deserosoak izan direla, traba egin dietela, finean, «feministak ez direnak asaldatu» dituztela. Halere, bidean aurrera tinko jarraitu dutela nabarmendu dute feministek.
Zazpi urteko ibilbide honetan lortutako guztia gogoratu dute. «Gaurkoan zentra gaitezke taldeak egin dituen ekintzetan, ekimenetan, sustatu dituen hausnarketetan… baina talde bat hori baino askoz gehiago dela ulertzen dugu eta ondorioz, gutako bakoitzarengan eta herritarrengan taldeak utzi duen arrastoari erreparatu nahi izan diogu eta gaurkoan horri eman nahi diogu garrantzia», adierazi dute gaurko agerraldian.
Oiartzun hobe bat imajinatzen
Taldekideentzat Antiju Morik «gune segurua» izan dela diote, «konplizitatez eta konfiantzaz beterikoa, goxoa, adierazteko aukera erreala eman diguna eta norbanako bezala indartzeko balio izan diguna». Elkarrekin Oiartzun hobe bat imajinatu dute feministek, eta imajinatutako hori eraikitzen aritu dira azken zazpi urteotan.
Herritarrentzat aldiz, «feminismoaren aldeko borroka herrian ausardiaz sustatu duen taldea» da Antiju Morik, norbanako batzuengan eraldaketa handia lortu duena. Egindako bideaz harro daude Oiartzungo feministak, eta «prozesu natural eta positibo» baten ondoren, taldea desegitea erabaki dute. Aurrerantzean, Oiartzungo Feministen Asanblada «zabal eta anitz» batek jarraituko du Oiartzun feminismotik eraikitzen eta astintzen. «Bidea ez da eten. Izan garelako gara, garelako izango dira. Eta edonon zaudela ere, ez ahaztu… Jantzi antiju morik! Gora borroka feminista!», esaldiarekin amaitu dute.
Hona gaurko agerraldian HITZAk bildutako irudiak:
