Bi guraso behar dira euskara ikastaroa abiatu ahal izateko
Euskara seme-alabekin eta modu ludikoan ikasteko taldea sortzea de helburua. Orain arte 6 gurasok eman dute izena eta 8 behar dira. Klaseen %85era joaten direnei, matrikula itzuliko zaie osotasunean.
Indarrak batu dituzte Pasaiako ikastetxeek, euskaltegiek eta udalak, nahi duten gurasoek euskara ikasi dezaten, hori baita haurrengan euskararen erabilera bermatzeko modurik onenetarikoa. Ziur dira hezkuntza esparruez haratago, familiak oinarrizkoak direla gazteenek euskara bizitzeko hizkuntza gisa sentitu dezaten eta ez soilik, eskolako ikasgai bat bezala.
Helburu horri jarraiki, guraso erdaldunei euskara ikasteko bestelako modu bat eskaini zaie ikasturte honetan, ikasitakoaz seme-alabekin goza dezaten. Gurasoek astean bi arratsaldez euskara klaseak jasoko lituzkete eta astean behin, haurrak eskolatik ateratzen direnean, euskal kulturan oinarritutako saioa jasoko dute denek batera. Tamalez, taldea ezin izan dute osatu, jende falta dela eta. 8 guraso behar dira ikastaroa abiatzeko baina gaur gaurkoz 6 dira, gehienak antxotarrak. Ikastetxeek, euskaltegiek eta udalak ahalegin berezia egin nahi dute bi guraso horiek topatzeko. Pasaia osoko eta bereziki Antxoko guraso erdaldunei dei egiten diete ikastaroarekin bat egiteko eta seme-alabekin batera euskaraz aritu daitezen. Dena dela, Pasaiako ikastetxeetan semeak ikasten duten gazteen gurasoek ere izena eman dezakete.
Dagoeneko izena eman duten hainbat gurasok bide beretik jo dute, eta euskararengan interesa dutenei kurtsoari aukera bat emateko eskatu diete, guraso gehiago erakartzeko mugarri izan daitezkeelako. Euskararen erabilera, lehenik eta behin, etxean bermatu behar dela uste dute, eskolako gai soila ez izateko, “ahal den neurrian, euskara gure egunerokotasunean erabiltzen saiatuko gara. Ikastaro hau euskara apurka-apurka ikasteko aukera izan daitekeela uste dugu, eta batez ere gure seme-alabekiko komunikazioan oinarrituta”.
Pasaiako Udalak, beti bezala, euskararen ikaskuntzari ateak ireki dizkio eta kurtsoa abiatu dadin erraztasunak emango ditu, benetan euskaraz ikasi nahi duten pertsonei. Klaseen %85era joaten direnei, matrikula itzuliko zaie osotasunean eta matrikula ordaintzeko zailtasunak dituztenentzat laguntzak eskainiko dituzte. Udal Euskaltegiak eta Txirrita AEK Euskaltegiak ere, prestutasun osoa agertu dute, besteak beste, ordutegiekin malguak izateko, ahal den heinean. Nahi dutenek ikastetxeetan eman ahalko dute izena.
Karmengo Ama, La Anunciata eta Pasaia Lezo Lizeoa ikastetxeek ere, kurtso honen aldeko apustu sendoa egin dute. Haien helburua beti izango da, Pasaiak hainbeste behar duen euskalduntzean sakontzea, baina argi dute ikastetxeak helburu horri eusteko zutabeetako bat direla, ez oinarria. Ikastetxeek soilik ezin dutelako bermatu hizkuntzaren erabilera kalean. Gurasoek, zaintzaileek eta ingurukoek ere zeresan handia dute; euskaraz ere bizi daitekeela erakutsi dezaketelako.