Alain Isasak jasoko du bosgarren Kirol saria
Kenpo kai borrokalari oiartzuarra txapelduna da bi modalitateetan. Horrez gain, haurrekin egiten duen lana aitortu nahi diote Isasari.
2020ko Oiartzungo Kirol Saria Alain Isasa Zufiria kenshiak jasoko du. Martxoaren 6an egingo duten kirol galan jasoko du oroigarria.
Oiartzungo Udalak antolatzen du saria hori, eta herritarren proposamenak jaso dituzte. Oiartzungo Kirol Aholku Kontseiluak (UKABEk) proposamen horien artean Isasarena hautatu du. Bertan elkartzen diren kirol munduko eragileek ez dute kapritxoagatik hautatu.
Izan ere, kenpo kai borrokalaria munduko txapelduna da bi modalitatetan. Pasa den abuztuan lortu zituen urrezko dominak, Japonian. Gaztea izanagatik, egin duen ibilbide luzea aitortu diote: 2007ko, 2010eko eta 2016ko munduko txapelketetan ere bai lortu zituen urrezko dominak.
Bere ibilbide propioko lorpenez gain, Oiartzunen egiten duen lana ere aitortu nahi diote. Honbu elkarteko haurrekin ibiltzen da, dakiena irakasten.