Jesus Cabrerok Elizaldeko ikasle eta gurasoei hitzaldia emango die
Mugikorraren erabilera, autoestimaren garrantzia edo guraso zein irakasleen rola bezalako gaiak izango ditu hizpide, datorren asteazkenean.
Elizalde Institutuko Guraso Elkarteak hitzaldia antolatu du datorren asteazkenerako (hilak 19). Jesus Cabrero gonbidatu dute, aurreko urteetan egin bezala. Antolatzaileek ziurtatu dutenez, arrakasta handia lortzen du bai gurasoekin baita ikasleekin ere.
DBHko hirugarren eta laugarren mailako ikasleekin saio bana egingo du. Gazteenekin 17:00etan hasiko da, eta ordu eta laurdeneko iraupena izango du hitzaldiak. Bukatu bezain pronto hasiko da DBHko azkeneko mailakoekin saioa. Guraso elkarteak nabarmendu duenez, guraso zein irakasleak ere gonbidatuta daude.
Izan ere, adin horretan bor-bor egoten diren gaiak izango ditu hizpide: sakelako telefonoen erabilera ea ona ala desegokia den; autoestimaren garrantzia; guraso eta irakasleek duten rola; eta ikasketak zertarako diren garrantzitsuak. Eskuko telefonoa eramatea komenigarria dela aholkatu dute.