Antxoko Auzo Elkartea gaur aurkeztuko dute
Antxoko Auzo Elkartea gaur aurkeztuko dute. Antxotarren kezka, nahi eta itxaropenak bideratzeko elkartea dela adierazi dute bultzatzaileek.
Antxotarrek abiatutako gizarte mugimenduak egitura du jada: Antxoko Auzo Elkartea. Gaur aurkeztuko dute antxotarren kezkak, nahiak, haserreak eta itxaropenak bideratzeko sortu den elkartea. 19:30ean da aurkezpena, San Fermin elizaren behealdeko aretoan. Aurkezpen batzar irekia da, beraz, herritarrak eta hedabideak izango dira bertan.
Elkartea sortzearen arrazoiak, taldearen helburuak eta lan egiteko erak publikoki azalduko dituzte. Zuzendaritza batzordea osatuko dutenen berri ere emango dute. Hala, segurtasun ezaren gaineko pertzepzioak herritarrak batu egin zituela adierazi dute auzo elkartetik, eta horren harira, barrutiak dituen beste hainbat gabeziak irtenbidea merezi dutela uste dute, “betiere helburu nagusia antxotarren interesak defendatzea izanda. Elkartea ez da sortzen inoren aurka egiteko. Haserrea bideratzeko irtenbide onena modu positiboan herria eraikitzea da”.
Azken asteetan egin diren mobilizazioek erakutsi dute, auzo elkartearen bultzatzaileen ustez, antxotarrak biltzen direnean “gauza handiak” lortzeko gai direla. Beraz, herritarrei zein eragileei dei egin diete elkartea babes dezaten, gaurko aurkezpenean, eta aurrerantzean: “Beharrezkoa ikusten dugu herritarren parte hartzea”.
Oroitarazi dute indarrean mantentzen dutela balkoietan oihal gorriak jartzeko deialdia, “utzikeria salatzeko”. Gaur horiek salduko dituzte aurkezpen ekitaldian, 1,60 euroan.