Elkartasun testigantzak Uberan
Lankidetzaren argi-ilunak izango dituzte hizpide Donibaneko liburutegian Justizia Sozialaren Nazioarteko Egunean. Eztabaidarako topagune izan nahi dute aurten Pasaiako liburutegiek.
Datorren ostegunean, hilaren 20an, elkartasuna eta lankidetza izango dituzte hizpide Donibaneko Ubera liburutegian. Justizia Sozialaren Nazioarteko Egunaren harira jardunaldi interesgarria antolatu dute Pasaiako udal liburutegiek, munduko leku askotan justizia sozialik ez dela oroitarazteko.
Bi hitzaldi, ala hobe esanda, bi zatitan banatutako hitzaldi oparoa da prestatu dutena. Nazioarteko lankidetzaren nondik norakoetatik tiraka hasiko dira eta Tindufeko (Algeria) errefuxiatu guneetan elkartasun bidai batean izandako ekintzaileen kontakizunarekin bukatuko dute.
19:00etan Jose Luis Paulin oiartzuar sendagileak hartuko du hitza. Donostiako Pakea klinikan lan egiten badu ere, ekintzaile arima du, eta bere lan eskarmentua munduko hainbat herritan eskaini du, sinpleki,«ahal duelako». Urteak aurrera egin ahala, Ekuadorren eta Kanbodian izan da bertako medikuekin elkarlanean. Baina Mendebaldeko Saharako herriarekin eratu du harremanik estuena, eta bere bizitzaren parte da gaur egun.
Halako ibilbide luzeak kooperazioaren errealitatea lehen eskutik ezagutzeko aukera eman dio; alde positiboak eta batez ere, negatiboak. Ikasitako guztia, Cooperación: verdades, mentiras yvivencias de una ¿Utopia? liburuan bildu du Paulinek, eta liburua izango da hain zuzen ere bere hitzaldiaren bide orria. Gai konplexua bada ere, Paulin gauza zailak trebeziaz azaltzen dituen hizlari horietakoa da. Izan ere, ez da erraza definitzea gaia. Lankidetzaren aterkiaren azpian izen asko agertu eta nahastu ohi dira. Garapenerako lankidetza, nazioarteko kooperazioa, laguntza humanitarioa, elkartasun internazionalista… Izen bakoitzaren atzean interes ekonomiko eta politiko batzuk daude, zeinak ez diren beti argiak herritarrentzat. Sendagile-ekintzailearen hitzaldia aukera paregabe aizango da lankidetzaren argi-ilunen berri izateko. Liburuak ere bertan izango dira salgai, nahi duenarentzat. Etekin guztiak, Mundubat Fundazioak Ausserd-ko (Tinduf) errefuxiatu gunean duen proiektura bideratuko dira. 40.000 lagun inguru bizi dira han.
Zazpi egun Tichlan
19:45ean gutxi gorabehera, Donibaneko Bixi-Bixi Kutur Elkarteko kideek Paulinen lekukoa hartuko dute. Joan den abenduan elkartasun zubi batek lotu zituen Oarsoaldea eta Tinduf. Oiartzungo El Watan eta Bixi-Bixiko 11 ekintzailek astebete eman zuten errefuxiatuen guneetan, Tichlako Dairan zehazki. Haien helburua ez zen saharar herria laguntzea, baizik eta «bi herri gutxituen arteko elkartasun harremanak estutzea», Asier Arriaga Bixi-Bixiko kideak zehaztu duenez.
Bixi-Bixiko hainbat kidek Ubera liburutegiko hitzaldian hartuko dute parte, egonaldiaren berri emateko. Haiena, herri proiektu baten testigantza da. Ekintzaileen artean ez baitzegoen kooperante profesionalik, herritar xumeak baino ez. Baina ongi antolatuz eta saharar herritarrekin elkarlanean gauza garrantzitsuak lortzeko gai izan dira.
Etxeko lanak eginda, oso argi zuten zeintzuk ziren Tichlako herritarren benetako beharrak eta zein mailatan eragin zezaketen. Sarritan, gutxirekin asko egin daiteke. 11 ekintzaileen artean, bi okulista zeuden; 1.500bat haur artatu zituzten, saharar erakundeekin koordinatuta. Ura biltzeko azpiegitura zaharkituei aurre egiteko, 1.000 litroko 173 bidoi eramatea lortu zuten, familia bati «2-3 asterako ura» emateko adina, Arriagaren esanetan. kanpalekuan komunikazioa bermatzeko ere, lau bozgorailu berri eraman zituzten. Finean, helburu guztiak bete zituzten eta etorkizunean elkarlanean jarraitzeko atea zabalik mantendu dute.
Hitzaldia bukatu baino lehen, Bixi-Bixikoek aurtengo udan haur sahararrak Euskal Herrira ekartzeko kanpainaren berri ere emango dute, programak haurrengan duen garrantziaz sentsibilizatzeko.
Jakintzaren topagunea
Urte berriarekin batera aro berri bati ekin nahi diote Pasaiako udal liburutegiek. «Liburua hartzeko lau pareta soil baino gehiago» izan nahi dutela dio Aitziber Zinkunegik, Donibaneko udal liburutegiko langileak. Herritarrentzat eragile kultural bat izan nahi dute. Liburuak jakintza iturri baldin badira, Pasaiako udal liburutegiek herritarren jakintza topaguneak izateko lan egingo dute hemendik aurrera.
Uberako hitzaldia helburu hori lortzeko lehen urratsa da, herritarrek justizia sozialaren inguruan hausnar dezaten, iritziak parteka ditzaten, eta inguruko eragileen lana hobeto ezagutu dadin. Hau da, liburu soil bat maileguan hartzea baino askoz ere gehiago, «eztabaida sustatu nahi dugu, gizartearen egoera aztertzeko eta hobetzeko gune bat», azaldu du Zinkunegik.
Hilaren 20rako nazioarteko lankidetza da aukeratutako gaia,baina beste hainbat ere jorratu nahi dituzte, bereziki euskal kulturarekin zerikusia dutenak. Ziur dira liburutegiek izan dezaketen eragin positiboaz. Aro berri honetan, Pasaiako testuinguru kulturala eraberritzeko tresna izatea dute helburu.