Antxoko Auzo Elkartea: "Beharrezkoa ikusten dugu sortzen ari den ezinegona modu positiboan bideratzea"
Antxoko Auzo Elkartea aurkeztu zuten atzo. Herritarrez bete egin zen agerraldia egin zen aretoa. Bi planotan zatitu du elkarteak bere zeregina.
Lepo bete egin zen San Fermin parrokiaren behealdeko lokalean, Antxoko Auzo Elkarteak lehen agerraldi publikoa ezin zuen atzo arratsean. Zertarako sortu duten adierazteko unea izan zen atzokoa, eta ikusita bertan izan zen antxotarren kopuru oso altua, eta herritarrek hitz egindakoa, oso egokitzat eta beharrezkoa jotzen dute sortu berri den eragilea. Elkartearen bultzatzaileek gauza bat oso argi dute, ordea: “Beharrezkoa ikusten dugu sortzen ari den ezinegona modu positiboan bideratzea”.
Azken asteetan barrutian izan diren mobilizazio eta eskaeren ondorio izan da auzo elkartearen sorrera. Haserreak, ezinegonak eta nahiak bideratzeko, “modu konstruktiboan herria eraikitzeko” baliabidetzat eman dute taldea osatzen duten dozena inguru antxotarrek elkartea: “Gure helburuak dira antxotarren interesak behar diren lekuetan defendatzea, eta instituzio ezberdinekin elkarlana bultzatzea”. Hala, garbi utzi zuten taldekideek, euren zeregina ez dela barrutiak dituen arazoak konpontzea, “horiek bideratzea baizik”, baina hori bai, nabarmendu zuten elkartea ez dutela sortu inoren kontra egiteko.
Bi lan ildo jarraituko dituztela adierazi zuten herri ekimenaren sustatzaileek. Horietako bat egunerokotasunarekin duten gaiak dira, eta bestea “tamaina handiko gaiak”; azken horretan kokatu zituzten, besteak beste, segurtasunaren gaia, topoaren lurperatze lanena, aparkalekuena, Luzuriagako bigarren fasearena, edo Antxo-Pasaiako Portua harremana.
Garrantzitsu eman dute taldekideek herritarrekin hartu-eman zuzena izatea. Hala, iragarri zuten herritarrei egiten ari direnaren gaineko informazioa gardentasunez emango dietela, eta aldi berean, zeregin horretarako Facebook eta Twitter helbideak prestatu dituztela (Antxoko Auzo Elkartea izenburupean). Posta elektronikoa helbidea ere prest dute, informazioa, gabeziak, ekarpenak eta iradokizunak jasotzeko.
Baina ez dira mugatuko soilik iradokizunak eta kexak jasotzera. Beharrezko ikusten dutenean, bestelako ekintzak egiteko prestutasuna agertu dute, “argi dugu antxotarrok elkarrekin lan egiten dugunean gauza handiak lortzen ditugula. Horren adibide esanguratsuena segurtasun ezaren harira antolatu ziren manifestazioa dira”.
Elkartearen izaeraren eta helburuen berri emanda, herritarrek ez zuten aukerarik galdu hainbat arazoren berri emateko. Badute zertan eragin auzo elkartekoek. Eta atzoko agerraldian babesa eskatu arren, ia-ia eskatu gabe ere badutela garbi ikusi zen atzokoan.