Frankismoan 'eroetxetan' sartutako emakumeei buruz ariko da Itxaso Martin
Buru osasunari begirada feminista bat emango dion zikloa gaur hasiko da, hitzaldi batekin. Bihar izango da bigarrena.
Oiartzungo Udaleko Feminismo Sailak ekitaldi sorta antolatu du, buruko gaixotasunak begirada feminista batekin ikusteko. Gaur izango da lehenengo hitzaldia, Itxaso Martin Zapirain antropologoarekin. Frankismo garaiko hutsuneetan arakatuz: eroetxeetan sartutako emakumeen istorioak da hitzaldiaren izenburu osoa. 18:30ean hasiko da, udaletxeko pleno aretoan. Martinen tesiaren gaia izan zen.
Gaurko hitzaldiak ardatz historikoa izango du. Biharkoak, berriz, proposamenak egitekoa. Maria Zapatak depresioari eta sendatzeari buruzko hitzaldia emango du, gazteleraz. Ezinegonari begirada soziokultural feminista emango dio, 19:00etan hasita. Hitzaldi hori ere udaletxeko pleno aretoan izango da.
Zikloa ixteko, Zauria(k) dokumentala eskainiko dute hurrengo ostegunean. Sufrimendu psikosoziala eta genero bizipenak uztartzen eta 9 emakumeren errealitateak barne hartzen ditu. Dokumentalean parte hartu dutenetako batzuk izango dira Oiartzunen, solasaldia egiteko. Hurrengo asteko saio hori 19:00etan hasiko da.