Xorrolaren erabiltzaile kopuruak gora egiten jarraitzen du
2019an %6 hazi zen erabiltzaile kopurua, Mugi txartelaren sisteman sartzeak akuilatuta. Erabiltzaile gehienak zahar eta gazteak dira.
Xorrolaren erabiltzaile kopuruak gora egiten jarraitzen du, beste urte batez. Oiartzungo Udalak 2019ko datuak eman ditu: 93.027 erabiltzaile izan zituen herri barruko autobusak, %6 igoera izanez. Bost urtean %28 hazi da autobus berdearen erabilera.
Iazko irailetik larunbatetan ere bai zerbitzua ematen du, eta Mugi txartelaren sistemaren barruan sartuta dago. Bi faktore horiek eragina izan dute erabileraren hazkundean.
Gazte eta helduak
Erabiltzaileen profilari dagokionez, mugikortasunerako autonomia gutxien duten segmentuak dira Xorrola gehien erabiltzen dutenak, ia erdia: 25 urtez azpiko haur eta gazteak (%26,41) eta 65 urtez gorako helduak (%19,7) dira. Bost urtetik beherako haurrek autobusa doan erabiltzen dutela nabarmendu du udalak.
2019an, hilero, bataz beste 7.752 erabiltzaile izan zituen Xorrolak. Udalak ñabardura bat egin du: opor garaian (Aste Santua, abuztua eta gabonak) erabiltzaile kopurua jaitsi egiten da eta ikasturtean zehar, igo.
Mugi txartela, oso erabilia
Iazko irailetik Mugi txartela erabiltzeko aukera izateak ongi aprobetxatu dute Oiartzungo autobusaren erabiltzaileek: bidaien %90,58 txartel horrekin ordaindu da.
Udalak gonbita luzatu die oraindik txartelik ez dutenei, egin dezaten. Horretarako aukera dago Arraguan (Pikoketa estankoan), Elizalden (Urrats paper-dendan eta Zapirain estankoan) eta Ugaldetxon (Mamut merkatalguneko estankoan).