[Galeria] Aske utzi dituzte azeriak
Hasi dira Errenteria-Oreretako inauteriak. Azeriak bihurri-bihurri aritu dira dantzan zein oihuka. Asteartera arte herriko kaleak kolorez jantziko dira.
Azeri Dantzak hasiera eman die Errenteriako inauteriei. Beti bezain bihurri ibili dira, jendea zirikatzen, betiere irribarre erraldoia ahoan zutela. Izan haur, gazte ala heldu gutxik eutsi diote seriotasunari eta azeri dantza gertutik ikusi dute, izan ere, azeri dantza kutsakorra da.
19:00etan jarri dute hitzordua Juan Olazabal kalean. Haiek iritsi orduko, Eneko Sein abeltzaina eta bere astoa zituzten zain, haiek gutxitan huts egiten baitute horrelakoetara. Biteri kalea bide nagusi izan dutelarik hainbat bazter bisitatu dituzte dantzariek. Xabier Olaskoaga plazan gaztetxoak zeuden zain, eta haiek ere haien dantza propioari ekin diote. Morrongilleta kaletik eta Foru plazatik ere pasa dira Herriko Plazara iritsi arte.
Herriko Plazan eman diete hasiera inauteriei. Kantatzen aritu dira, ez ongi, baina gogotsu zalantzarik gabe. Pregoilariek, nola ez, jaietan ongi pasatzeko eskatu diete herritarrei. Dena den, bestelako gai garrantzitsuak ere ezin izan dituzte hizpide; kutsaduraz ohartarazi dute Zaldibarko zabortegiaren aferaren ondorioz, eta horren harira aurten dagoeneko 13 langile hil direla gogorarazi dute. Baina batez ere argi eta ozen esan dute, ezetz beti izango dela ezetz.
HITZA Azeri Dantzari segika ibili da, honako irudi hauek biltzeko.