Izaskun Gomezek bilera eskatu dio Tapia sailburuari topoaren lurperatzeaz hitz egiteko
Tapia da Ekonomia, Garapen eta Azpiegituren sailburua eta sail horrek du topoaren gaineko obren eskuduntza. Azokaren eraikina ordezkatzeko aukerak aztertzeko beharraz ohartarazi du udalak.
Antxotarren aldarrikapen zahar bati bide eman nahi dio Izaskun Gomez Pasaiako alkateak. Udaleko iturriek jakinarazi dutenez, alkateak gutun bat bidali dio Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Garapen eta Azpiegituren sailburu Arantza Tapiari, sail horrena baita topoan obrak egiteko eskuduntza.
Topoaz gain, portuari buruz ere hitz egin dio Tapiari gutunean, bertan egingo diren aldaketak topoaren lurperatzearekin bateragarriak direlakoan eta garrantzi handikoak Pasaia eraberritzeko. Portuan egiten ari diren lanak amaitzear direnez, Gomezek ez du arrazoirik ikusten “topoaren lurperatzea gehiago atzeratzeko”.
Gaur egun topoak Antxo bitan banatzen jarraitzen du eta oztopo geografikoa izateaz gain, entzumenari ere eragiten dio negatiboki. Topoa lurperatzea beraz onuragarria izango litzateke, Pasaia osoarentzat, eta bereziki antxotarrentzat, haien bizitza kalitatean izango lukeen eraginagatik. Dena dela, Topoko obrei ekin baino lehen, beharrezkoa izango da, egungo azoka ordezkatu duen eraikin baten proiektua zehaztea, topoa lurperatu ahal izateko azoka bota beharko dute eta.