Udalak mozioan hitzartutakoari muzin egin diola dio Antxoko Tren Geltoki Berriaren Plataformak
Pasaiako udal gobernuaren isiltasunaren aurrean, urrats propioak eman dituela iragarri du plataformak. Lurpeko pasarela bat egiteko aukera baztertu egin dute.
Urriko osoko bilkuran, Antxoko Tren Geltoki Berriaren plataformak aurkeztutako mozioa aho batez onartu bazen ere, udal gobernuak “herritarren proposamenarengan interesik ez duela” iritzi dio plataformak. Udal gobernua osatzen duten PSE-EE eta EAJren kudeaketarekiko kezka eta ezinegona agertu du Eduardo Perez Cortes plataformako kideak, “zazpi hilabete pasa —martxoan eman zuten albistearen berri— dira geltokia berrituko zela iragarri zenetik, eta ez dute urratsik egin”.
Era berean, kasik lau hilabete dira tren geltokia berritzeko mozioa onartu zenetik. Aho batez onartu zuten alderdi guztiek proiektu herrikoia, baina sentsazio gazi-gozoa utzi zien plataformako kideei, alderdiek erakutsitako zalantzen ondorioz. Proiektuak Antxorentzat onuragarria delakoan, borondate politiko irmoa eskatu zioten talde politiko guztiei, eta bereziki, udal gobernua osatzen dutenei. Alderdien zalantzen aurrean, plataformak bere bide propioa egiteko erabakia hartu zuen, eta ahal duten heinean, prozesuaren jarraipena egin dute diskrezioz, “udalak egin beharko lukeen lana egiten ari gara, eta gainera, informazioa ematen diegu”, adierazi du Perezek.
Udalak mozioa Adif-eri helarazteko konpromisoa hartu zuen eta jakin badakite, bidali dela, “dirudienez Odon Elorzak eraman zuen Madrilera”, adierazi du Floren Moro kideak. Hortik aurrera, baina, ez dute prozesuaren berri izan eta Eduardo Perez Cortes beldur da Pasaiako Udalak ez ote duen mozioak bildutakoa urratu, “bitako bat, Pasaiako Udala ez da ezer egiten ari, edo ez digute berririk ematen. Kasu hartan proiektuak barneratutako hirugarren puntua urratuko lukete”. Mozioak zionaren arabera, Pasaiako Udalak prozesuaren urrats guztien berri emateko konpromisoa beregain hartu zuen.
Plataforman ez dute ulertzen “udalak proiektuarekiko duen interes eza”, ez dakite “ezkutuko interesen ala utzikeriaren ondorio” diren. Haien iritziz proiektu serio eta garatua da aurkeztu dutena, Antxoren beharrei erantzuten diena eta antxotarren babesa duena. Horregatik hain zuzen ere, proiektua izen onekoa delako, udal gobernua ez da ausartu aurka egiten, “ez dute inolako interesik proiektuan, baina kontra egingo balute herritar askok haien kontra egingo lukete”, adierazi du Perezek.
Hala eta guztiz ere, haien proiektua ekarpenak jasotzeko prest dagoela erakusteko, moldaketak egin dituzte; lurpeko pasarelaren aukera baztertu dute, “agerikoa da ez zutela proiektua arretaz irakurri, pasarelak erabilera pribaturako izan behar zuen, portuko langileek soilik erabili zezaten. Hala ere, ideiak sortu zuen polemika ikusita, baztertzea erabaki dugu”. Urrats hau irmo segitzen dutela erakusteko eman dute, “855 lagunen zuzeneko babesa” dutelako.
Orain arte diskrezio handiz jardun du plataformak, udalarekin koordinatu nahian. Baina egungo egoeraren aurrean, egiten duten guztiaren berri emango dutela ziurtatu dute, baita orain arte egindakoak ere. Besteak beste, udalarekin lehen hartu-emanak martxoan izan zirela esan dute; Adif-ek birmoldaketaren berri eman zuenean, zenbait kidek dagoeneko prozesu parte hartzaile bat abiatzeko interesa agertu zuten.
Plataforma sortuta eta proiektua aurkeztuta, Pasaiako Podemos eta EH Bildurekin bildutakoak dira, eta Gipuzkoako Foru Aldundira jo dute. Urtarrilaren 31n bilera izan zuten Mugikortasun eta Lurralde Antolaketarako ahaldun Rafaela Romero eta Lurralde Antolaketarako zuzendari eta Pasaiako Udaleko zinegotzi Miguel Cresporekin. Zuzendariak interes gutxi agertu zuela nabarmendu du Perezek, “zuzendari gisa ez, zinegotzi gisa hitz egin zigula zirudien”. Romerok, bestalde, prestutasun handiagoa erakutsi zuen eta beste sailekin aztertuko zuela adierazi zien. Baina ordutik ez dute bere berririk izan.
Suminduta dauden arren, hasitako bideari eutsiko diote plataforman, proiektua azkarrago kudea dadin. Proiektua Adif-era iristea lehenesten dute, haiek lursaila eman ezean, ezinezkoa izango delako proiektu herrikoia gauzatu ahal izatea.