Independentzia Eguna antolatu du Ernaik martxoaren 14rako
Donibane eta Oiartzun lotuko dituzte, oinez. Ekitaldi politikoa, bazkaria eta kontzertuak egingo dituzte martxoaren erdialdean.
Ernaik Oarsoaldeko Independentzia Eguna antolatu du martxoaren 14rako. Egitarau oparoa antolatu du gazte erakundeak.
Eskualde osoko udalerrietatik pasatuko den martxa antolatu dute goizerako. 10:30ean geratu dira, Pasai Donibaneko Meipi auzoan. Lezo eta Errenteria-Orereta zeharkatu ondoren, Oiartzunera iritsiko dira.
Oiartzunen ekitaldi politikoa egingo dute, 13:00etan. Ondoren, bazkaltzeko tartea hartuko dute, eta bukatzerakoan, kantaldia egongo da, bazkaldu ondorengoa girotzeko.
Kantaldiaren ondoren (18:00ak inguruan), musika gehiagoren txanda izango da: Ekaitz Bortitza, Parrapas erromeria taldeak, Baizera!-k eta Bad Soundek kontzertuak emango dituzte, eta Dj Txankletak pintxatuko du.
Ernaik jakinarazi duenez, bazkarirako txartelak salgai daude honako tokietan, 10 euroan: Tiñelu tabernan (Lezo), Sindikato tabernan (Errenteria-Orereta) eta Kastro tabernan (Oiartzun).