Ugaldetxon "kontrolik gabeko zabortegia" dagoela salatu du Eguzkik
Arbide errekaren ezkerraldean hainbat hondakin daudela eta, garbitzeko eskumena duen administrazioari eskatu diote jarduteko.
Eguzki talde ekologistak salatu du “kontrolik gabeko zabortegi bat” dagoela Ugaldetxoko industriagunean, Zuaznabar kalea eta GI-2132 errepidearen —Astigarragara doana— arteko bidegurutzetik gertu.
Esan dutenez, zabortegi horrek denbora darama kontrolik izan gabe. “Udalari dagoeneko jakinarazi diogu kontrolik gabeko zabortegi hori badagoela, baina ez dugu ikusi inolako mugimendurik egiten hasi denik leku hori garbitzeko eta lehengoratzeko”, adierazi dute.
Esan dute ez dakitela nork duen lur eremu horren eskuduntza, baina erantzukizuna duen administrazioari ekintzak eskatu dizkiote. “Ahalik eta lasterren jarduteko eskatzen diegu, kontrolik gabeko zabortegia desagerrarazteko eta hondakinen zati bat errekan amaitzea saihesteko”, galdegin dute.
HITZA Oiartzungo Udalarekin jarri da harremanetan, eta adierazi dutenez, ez dute salaketarik jaso. Hala ere, jakinarazi dute gaur bertan joango direla egoera ikuskatzera.