Bi urrezko domina Pasaia Kayakentzat sasoiko lehen proban
Ion Carballo pasaitarrak eta Maddi Tarragona errenteriarrak txapela jantzi zuten Zumaian jokatutako Gipuzkoako Neguko Piraguismo Txapelketan.
Zumaiak hartu zuen larunbatean 5.000 metroko Gipuzkoako Neguko Piraguismo Txapelketa, 2020ko sasoiaren lehen proba alegia. Ohi bezala, Pasaia Kayak taldeko palistek maila altua eman zuten eta pare bat domina ekarri zituzten Trintxerpera.
Ion Carballok iaz bezain sasoiko dabilela frogatu zuen, senior mailan txapela janztea lortu zuen eta. Maddi Tarragonak ere albiste onak eman zizkion taldeari, hark ere txapela jantzi baitzuen kadete mailan. Bi palistak hauek dira Pasaia Kayaken aurtengo apustu nagusiek, eta lehen proban behintzat, ez zuten huts egin.
Proba oso taktikoa burutu zuen Carballok eta azken txanpan, esprintean hartu zien aurre gainontzeko palistei. Carballok ez du soilik Gipuzkoako txapelketa irabazi, eguneko azkarrena ere izan zen, proban Gipuzkoa kanpotik iritsitako palistek ere parte hartu ahal zutelako.
Lehen urtea du Maddi Tarragonak kadetetan, eta dirudienez, azkar asko hartu dio neurria maila berriari. Nagusitasunez irabazi zuen bere tanda errenteriarrak. Pasaia Kayaken ibilitako Eider Irazu izan zen Tarragonari erritmoa eutsi zion bakarra, baina ez zen nahikoa izan, Tarragonak aise irabazi zuelako.
Iñigo Loisek ere saria izan zuen Zumaiako uretan, hirugarren izan baitzen senior mailan. Era berean, palista guztiek egindako lan finari esker, Pasaia Kayak ere hirugarren postuan bukatu zuen taldeen sailkapenean. Urte hasiera zailari buelta eman ahal izan diote Trintxerpetarrek. Baja batzuk izan arren, iazko txapelketan baino urrezko domina bat gehiago lortu aurten. Olatu urdinak ez du etenik.