Imaz eta Artola, partida erabakigarrienaren aurrean

Finalaurrekoetako ligaxkara pasatzeko partida jokatuko dute larunbatean, Labriten. Olaizola II.a eta Urrutikoetxea izango dituzte arerio.

ander imaz Ander Imazek txapelketako partidarik garrantzitsuena jokatuko du bihar.

Asteartean bukatu zen Eskuz Binakako Txapelketako ligaxka. Koadroak, ondorioz, erabakita geratu ziren. Jaka-Zabaleta eta Ezkurdia-Martija bikoteek finalaurrekoetako ligaxkarako txartela lortu dute, zuzenean. Beste bi bikoteak zeintzuk izango diren asteburuan erabakiko dira, play-offetan.

Ander Imaz oiartzuarrak eta Iñaki Artolak osatzen duten bikoteak larunbatean jokatuko dute, Iruñeko Labrit pilotalekuan (18:00etan hasiko da jaialdia). Parean zakur zahar bikotea izango dute: Aimar Olaizola eta Mikel Urrutikoetxea.

2018an txapeldun izan zen bikote hori, baina pattal hasi zuten aurtengo ligaxka. Hala ere, sasoia bukaeran hartu dute, eta azken jardunaldira arte itxaron behar izan dute sailkatzeko.

Bukaera okerragoa izan dute Imaz eta Artolak. Oiartzuarrak azken aurreko jardunaldian ez zuen jokatu, belauneko arazoak zituelako. Alegiarrak, berriz, azken partida galdu zuen, eskumuturrarekin kexatuta. Biak ala biak Iruñean egongo dira.

Ligaxkako bi partidak irabazi zituzten Imaz eta Artola gazteagoek, baina partida parekatuta dago. Arerioek beren beteranotasuna balia dezakete zirt ala zart egin behar den partida batean.

Kontuak kontu, txanpona zein aldera erortzen den larunbatean erabakiko da. Irabazleek hiru jardunaldiko ligaxka jokatuko dute, martxoko hurrengo asteburuetan.

Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.