Taupadak, Zintzilik-en uhinei laguntzeko
Zazpigarren aldiz egingo dute Taupada Fest!, hilaren 14an. Trintxerpeko Mogambo aretoan punk eta rock doinuak entzungo dira.
Zintzilik Irratiak Taupada Fest! antolatu du datorren larunbaterako, hilak 14. Ohi bezala, hardcore eta punk musika taldeek hartuko dute parte jaialdian, Errenteria-Oreretako irrati libreari laguntzeko asmoz.
Irratikoek azaldu dutenez, Mogambo areto “ezin hobea” da jaialdia egiteko. Zintzilik Irratiko kideek eta inguruko lagunek antolatu dute zazpigarren jaialdia, iaz bezala. Ordura arte, irratiko musika saioetakoek antolatzen zuten.
Kontzertua antolatzeaz gain, janari beganoa jateko aukera egongo da, baita irratiaren eta taldeen materiala erosteko ere. Banatzaile alternatiboek eskaintzen dutena ere ikusi ahal izango da. Sarrerak sei euroko prezioa izango du.
Taldeen kartela
- Rodeo (Stoner Rock – Zestoa).
- Criatura (Post Hard Core – Zaragoza).
- Peedoh (Raw Punk – Zarautz/Orereta).
- Piztupunk (Punk Rock – Gasteiz).
- Yakovlev 42 (Street Punk – Oiartzun).