Japonia eta Oiartzun, bertan
Alain Isasa oiartzuarrak Kirol Saria jasoko du gaur arratsaldean bere herrian. Kenpo kai borroka artean munduko txapelduna izan da bi aldiz.
Kenpo kaiak karatearen antz handiagoa du judoarena baino, alde bisualari dagokionez behintzat. Teknikoki, hala ere, erabat ezberdina da. Judoarekin baditugu teknika komunak, baina zerikusirik ez du. Kenpo kaia osoagoa da”. Alain Isasak alderatu ditu borroka arte horiek. Oiartzuarra da, 28 urte ditu, eta kenpo kaiko bi diziplinatan egungo munduko txapelduna da.
Pasa den abuztuan lortu zuen, Japoniako Hamamatsu hirian, defentsa pertsonalean eta taldekako borrokan nagusitzea. Aurretik beste hiru domina lortu ditu, beste hainbeste munduko txapelketatan. Gaur arratsean bere ibilbidea aitortuko diote jaioterrian, Kirol Saria jasoko baitu (19:00etan, pleno aretoan). Judoarekin eta karatearekin alderatuta, kenpo kai borroka arteak sona gutxiago izan dezake.
Hala ere, badira ia lau hamarkada Oiartzunen presentzia duela. Artean jaio ez bazen arren, Isasak ongi baino hobeto daki Honbu elkartearen ibilbidea: “1982 inguru hartan sortu zen. Gure maisua Trintxerpekoa da, eta berak ekarri zuen kenpo kaia Gipuzkoara. Donostian eta Errenterian hasi zen eskolak ematen. Errenterian oiartzuar bat agertu zen, eta galdetu zion ea zergatik ez zuen Oiartzunen talde bat sortzen”.
Isasa bera sei urterekin hasi zen Honbu elkartean, 1998an. Ordurako bazegoen giroa. Oroitzapen lausoa badu ere, 30 bat heldu baziren garai hartan, eta haurren taldea hamar bat kidek osatzen zuten. Gaur egun 30na bat lagun daude. I
sasa 2005ean hasi zen “serio” lehiatzen: “Ordura arte aritu nintzen lehiaketetan, baina 2005ean hasi nintzen egurrean. Bi urte geroago parte hartu nuen lehenengo aldiz munduko txapelketa batean”, gogoratu du. Iritsi, lehiatu eta domina poltsikoratu: “Lana egin nuen, baina zortea ere aldeko izan nuen. Japoniara lehenengo aldiz iritsi eta dominak lortzea ez da oso normala. Zortea oso alde eduki genuen”.
Nerabe zela ezagutu zuen Japonia, eta aitortu du talka kultural handia izan zela. “Hara iritsi orduko, lekuz kanpo sentitzen nintzen. Talka kultural handia izan zen: janari ezberdina, kultura guztiz ezberdina… Daukadan oroitzapena da Japonian eman nituen lehenengo egunak oso gogorrak izan zirela: janaria ez zitzaidan erdia ere gustatzen; lo aldetik ere gutxi eta gaizki. Txikitua nengoen”. Eta hala ere, domina lortu zuen. Hiru urtean behin egiten dituzte munduko txapelketak, borroka artearen sehaska den herrialdean, eta ez du bat bera ere galdu.
Bere burua gai ikusten du 2022ko eta 2025eko txapelketetan parte hartzeko. Arantza bat kendu nahi du: “Aurreko urtean, berez, hiru modalitateetara aurkeztu nintzen. Bestea banakako borroka zen. Lesio txiki batekin joan nintzen, eta han bete-betean harrapatu ninduen. Erretiroa hartu behar izan nuen. Nik jarraitu nahi nuen, baina gorputzak ezetz esaten zidan”. Ziurtatu du, 2022an lortzen badu, orduan erretiratuko dela. Hori bai, lasai prestatuko du: urte hau patxadaz hartuko du, eta datorrenean hasiko da gogor prestatzen.
Irakasle lanetan
Japonia bisitatzeak kenpo kai kirola hobeto ezagutzen lagundu diola kontatu du Isasak. “Filosofia aldetik, gehiago ulertu nuen. Borroka arte hau eramateko han duten moduak eta hemengoak ez dute zerikusirik. Balio izan zidan beraiek daukaten filosofia eta ikuspuntua hobeto ulertzeko”, azaldu du.
Oiartzunera inportatu nahi izan du Japoniako filosofia, berak ere haur oiartzuarrei kirola erakusten dielako, baina zaila dela onartu du. “Burugogorragoak” direla, heziketa “ia militarra” dutela esan du: “Hemen da: ‘beno, saiatuko naiz, ea noiz ateratzen den’. Han ez. Han da ‘egin!’, eta lortuko duzu noizbait. Sakrifizio alde horretatik, nahiko motz geratzen gara. Han ilarak osatzen direnean, baten bat hortik ateratzen baldin bada, haren bila joaten dira. Hemen ezin dugu hori egin!”.
Teknika espartarrak edo malguagoak erabilita, Honbuk txapeldunak ematen jarraitzen du. Isasarekin batera, Emma Garmendia oiartzuar gaztea —15 urte ditu— izan zen Japonian, eta berak ere beste bi urrezko domina Euskal Herriratu zituen. “Hori ongi dago, erakusten duelako ez dela kasu bat bakarrik. Orain hasi dira gazte gehiago atzetik, eta alde horretatik nahiko lasai nago. Modu horretan nik uzten dudanean egongo da norbait tira egingo duena, eta egongo da jarraikortasun bat”, zehaztu du.
Eta esan du irakasle bezala asebetetzen duela horrek. “Kirol Sarirako hautagai gehiago egongo dira etorkizunean”, dio txantxetan. Uste du Kirol Sariarekin jasoko duen aitortzak balio izango duela borroka arteak bultzatzeko. “Hemen gaudela esateko balioko du. Bestalde, hainbeste urtean egindako lana aitortzea izango da. Japonian banituen errekonozimenduak, herrian falta zitzaidan [kar-kar]”.