Isasa: "Familia eta lagunen laguntzarik gabe, ez nintzake hemen izango"
Bosgarren Kirol Saria jaso du Alain Isasa kenpolariak. Bere ibilbideari errepasoa eman zion Kirol Mahaian, baita Udane Loidi eta Udane Arbelaitz sokatiralariek ere.
Alain Isasa kenpo kai borrokalariak atzo arratsean jaso zuen Oiartzungo bosgarren Kirol Saria. Eneritz Arbelaitz alkateordeak eman zion oroigarria, udalaren izenean.
Enekoitz Markos Kirol zinegotziak azaldu zuenez, kenpo kai kirola 1982tik praktikatzen da Oiartzunen, Honbu elkartea sortu zenetik zehazki. Egun bi munduko txapeldun ditu. “Honbu Europan erreferente da, egindako lanari esker. Ahal bada iraun dezala 40 urte gehiago”, erantsi zuen Markosek.
Azaldu zuenez, Kirol Sarirako parte hartze prozesuan ehun lagunek hartu zuten parte, eta 30 hautagai aurkeztu zituzten. Aurreko urteetan irabazteko zorian egon ondoren, 2020an iritsi zaio saria jasotzeko momentua. Gipuzkoako, Euskal Herriko, Espainiako, Europako eta munduko txapelduna izan da. “Ez dakit zerbait gehiago irabazi daitekeen”, galdetu zuen Markosek. Kenpolariaren lana txalotu zuen, baita erakutsitako konstantzia eta pasioa ere.
Ondoren, bideo bat eman zuten, Isasa zoriontzeko: aurreko urteetako irabazleak; taldekideak; Isasaren ikasleak; lagunak; ikastetxeetan Eskola Kirola egiten dutenak…
Ohi bezala, saridunak hitza hartu zuen, eta iragarri zuen hitz sakonekoa ez dela. Zuzena eta zehatza izan zen. Egunerokoan laguntzen diotenei esker hitzak izan zituen, baita udalarentzako ere. Hitz sentituenak familia eta lagunentzako izan zituen: “Familia eta lagunak eskertu nahi ditut, zuek gabe ez nintzakeelako hemen egongo”.
Kirol Mahaia
Isasak gehiago hitz egin behar izan zuen oroigarria jaso baino lehenago. Izan ere, Kirol Mahaiko protagonista izan zen, Udane Loidi eta Udane Arbelaitz Beti Gazteko sokatiralariekin batera. Euskal Herriko txapeldun izan dira, eta munduko txapelketan —540 kiloko kategorian— zilarrezko domina lortu zuten duela aste pare bat, Irlandan.
Gaizka Lasa kazetariak dinamizatutako mahai inguruan, hainbat galderari erantzun behar izan zioten. Isasak jakinarazi zuen duela hogei urte hasi zela kenpo kai praktikatzen, ikastolako orientatzaileak aholkatuta. Arbelaitz eta Loidi, berriz, duela ia lau urte, xanistebanetako sokatira taldeak osatzeko deitu zietenean.
Kontrakoa dirudien arren, hiru kirolariek azaldu zuten beren kirolak, indarrezkoak baino, teknikoak direla. Kirol hain txikia izanda, Isasak esan zuen bere poltsikotik jarri behar duela bidaiak egiteko. Loidi eta Arbelaitzek, bere aldetik, Beti Gazte taldearen giroak gehiago lotu dituela kirolera.
Momentu txarrak izan dituztela aitortu dituzte hirurek, dena ez dela arrakasta izan, baina aurrera egin dutela —eta egiten jarraituko dutela— adierazi zuten.
Pasadizoentzako tartea ere egon zen. Isasak gogoan du munduko txapelketako borrokaldi baten ondoren nola behar izan zituen 45 minutu metro gutxi batzuk, hain txikituta baitzegoen. Loidi eta Arbelaitzek, beren aldetik, gogoan dute taldekide bati nola hautsi zitzaion zapatilen zola, eta galtzerdia jantzita tiratzen bukatu zuen.
Kirol Sariaren ekitaldiaren ondoren, luntx txiki batean bildu ziren guztiak. Kirol Astea gaur bukatuko da. Goizean zehar ekitaldiak egiten ari dira, eta arratsaldean honako hauek egingo dituzte:
- 16:00etan: Eskola Pilota (Haurtzaro Ikastolan).
- 16:00etan: Xistera topaketa (Beheko plazan eta Madalensoron).