Gazteen emantzipaziorako diru laguntzen kudeaketa "txarra" egitea leporatu dio PSE-EEk gobernu talderi
190.000 euroko diru zatia zuen udalak iaz laguntza horiei eta hutsik dauden etxebizitzak alokairura bideratzeko, eta 5.387 euro baino ez dituela gastatu esan du alderdi sozialistak.
Gazteen emantzipaziorako eta hutsik dauden etxebizitzak alokairura bideratzeko 190.000 euro zuzendu zituen udalak iaz. Kexu azaldu da orain alderdi sozialista diru kopuru horretatik 5.387 euro baino ez dituelako gastatu, “kopuru osoaren %2,84”, eta kudeaketa “txarra” leporatu dio gobernu taldeari. PSE-EEren bozeramaile Jose Angel Rodriguezek Errenteriako gazteen emantzipazioa sustatzeko eta horiei laguntzeko politikak martxan jartzea ezinbestekotzat jo du, “arrazoi horregatik aurkeztu genuen duela hiru urte gazteei alokairurako laguntzak emateko iniziatiba, baina EH Bildu eta Podemosek uko egin zioten, eta bi urte geroago, 2019ko aurrekontuan txertatu zituzten”.
PSE-EEko zinegotzi Isaac Palenciak bere aldetik bere alderdia urte hasieratik diru laguntza horiek arautu eta martxan ahalik eta azkarren jartzeko eskatzen ari dela, “2019 amaieran egin zen arautegi hori alderdi politikoekin eta herriko gazteekin landu gabe, eta emaitza oso txarra izan da; 5.387,30 euro baino ez dira gastatu, 90.000 euroko diru zatia bazegoen ere. Bestalde, Bizigune proiektuan sartzeko etxebizitzak egokitzeko 100.000 euroko diru zatia aurreikusi zen, baina ez da martxan jarri ere egin”.
Horren harira kudeaketa “txarra” eta “paralisia” egotzi dizkio alderdi sozialistak gobernu taldeari, “zertarako balio du diru zatiak sortzea ez badago bideratutako helburuetarako erabiltzeko asmorik? Alokairua eta hiri birgaitzea gure etxebizitza politikaren ildo estrategikoak dira eta diru laguntzak horiek sustatzeko neurri egokiak dira”. Aurten aurrekontuetan aurreikusitako diru zatien jarraipena egingo duela esan du azkenik PSE-EEk, “eta exijituko dugu osotasunean bete daitezen”.