Kohesioa izango da segurtasun bermerik onena EH Bilduren ustez
'Delinkuentziaren prebentziorako eta segurtasun plana' aurkeztu zuen atzo Pasaiako EH Bilduk, Antxoko Kultur Etxean. Gizarte mailan eragingo duten sei ildo biltzen ditu planak.
Duela aste batzuk, ezinegona zabaldu zen pasaitar askoren artean, bereziki antxotarren artean, tarte labur batean emandako lapurretak zirela eta. Ezinegona, neke eta haserre bihurtu zen eta manifestazio jendetsuak antolatu ziren Antxon, herritar askoren iritziz, herriak bizi duen utzikeria salatzeko.
Testuinguru horretan, Pasaiako EH Bildu lanean hasi zen egoera horren aurrean, “herritarrek alderdiaren erantzun bat merezi dutelako”, Iraitz Pazos zinegotziaren arabera. Atzo aurkeztu zuten Delinkuentziaren prebentziorako eta segurtasun plana Antxoko Kultur Etxean.
Koalizio abertzalean baina, argi dute segurtasunaz haratago, planaren xedea, globalagoa dela. Etorkizunean gertatu daitezkeen arazo sozialei konponbideak emateko “herri kohesioa” lortu nahi dutela azaldu du Pazosek. Kohesioa eta hezkuntza funtsezko dituzte, xenofobia, arrazakeria eta bestelako jarrera baztertzaileetatik ihes egiteko.
Koalizioaren planak sei lan ildo proposatzen ditu bi helburu nagusi lortzeko; “udal mailan segurtasun eta prebentzioari buruzko aurreiritziak berrikustea eta segurtasun subjektiboaren egoerari aurre egiteko beharrezkoak diren ekintzen diagnosia prestatzea eta ekintzak burutzea”.
Segurtasuna subjektiboa erdigunean jarri dute abertzaleek, hau da, norberak segurtasunarekiko duen pertzepzioa. Izan ere, jendeak sentitzen duena ez du zertan bat egin behar datuek esaten dutenarekin, “datu objektiboek diote ez dela egon gorakadarik delinkuentzian. Baina jende asko ez da seguru sentitzen” dio Pazosek. Jendea seguru sentitu dadin, epe luzerako neurriak aldarrikatzen ditu EH Bilduk. Salbuespenezko neurriak zalantzan jartzen dituzte eta sakoneko azterketa egin behar dela diote, eraginkorrak izateko.
Antxotarren iritziak bildu dituzte asteotan, haien pertzepzioa ezagutzeko. Horren arabera, errepikatzen diren lau arrazoi jaso dituztela esan du zinegotziak, “baieztapen hauek jaso ditugu: delinkuentziak gora egin duela, etorkin asko daudela, polizia gutxi direla eta gutxitan daudela eta bide publikoaren itxura txarra dela”.
Aurreiritzi eta pertzepzio horiei aurre egiteko, honako sei lan ildo hauek proposatzen ditu EH Bilduk.
- Udaltzaingo ereduaren berrikusketa: gaur egun bizi den agente eskasia gerta ez dadin, lan poltsa propioa osatzea inguruko jendearekin. Horrez gain, lau barrutietan udaltzainen presentzia bermatzea, trafikoan jarduteko udaltzainak kontratatzea eta udaltzainen formakuntza sozialerako ikastaroak eskaintzea nahi dute.
- Espazioen planifikazioa: espazioak diseinatzerakoan alor ezberdinetako aktoreak biltzea —berdintasun teknikariak ala udaltzainak esaterako— haien iritziak aintzat hartu eta denen artean hirigintzan segurtasuna txertatzeko.
- Bizikidetza, integrazioa eta hiritartasuna: ahultasun eta gizarte bazterkeria egoeran diren pertsonak integratzea helburu duten programak garatzea.
- Komunikazioa eta sentsibilizazioa: komunikazio arduratsuaren bitartez, segurtasun objektiboan modu positiboan eragin nahi dute eta zurrumurruen aurkako plan baten bidez, diskurtso baztertzaileak ekidin.
- Babesa eta erreparazioa: Edozein gertakari dela, udala eta bere baliabideak, biktimen mesedera egotea bermatu nahi dute.
- Heziketa eta eraketa programa pertsonalizatuak: hiru neurri zehatz proposatzen dituzte; udalak eskainitako ikastaro eskaintza berrikustea, formakuntza eta lan plan pertsonalizatuak sortzea eta ikastetxeekin elkarlana estutzea.