'Tomiris' indarkeria matxista ardatz duen bakarrizketa, igandean
Atx Teatroaren antzerki taldea gonbidatu du Oiartzungo Antzerkizaleen Elkarteak. Martxoari dagokion antzezlana igande arratsean izango da, udaletxean.
Oiartzungo Antzerkizaleen Elkarteak hilabetero antolatzen duen antzerki saioa datorren igandean —hilak 15— izango da. Atx Teatroak Tomiris antzezlana taularatuko du udaletxeko pleno aretoan.
Indarkeria matxista ardatz duen bakarrizketa da, zilegizko mendekuari buruzkoa. Errealitatea eta fikzioa uztartzen ditu. “Gordin bezain sentsuala, erreal bezain fantastikoa, zorrotz bezain zolia” gisa definitzen dute.
Tomiris antzezlanaren emanaldia 19:00etan hasiko da. Ohi bezala, bost euroko prezioan egongo dira txartelak.