Jaizkibel zain dute
Dena prest dute dagoeneko, eta gaur da azken eguna ibilaldi horretan parte hartzeko izena emateko. Hala ere, izena eman ez badute ere igandean bertan 08:30ean Gurutze Santaren plazan azaltzen direnek ere izango dute parte hartzeko aukera.
Eskolarteko Mendi Lehiaketaren barruan, XXXIII. Eskolarteko ibilaldi neurtua egingo dute igandean Lezon, Xoxolur Mendi Klubak antolatuta. Dena prest dute dagoeneko, eta gaur da azken eguna ibilaldi horretan parte hartzeko izena emateko. Hala ere, izena eman ez badute ere igandean bertan 08:30ean Gurutze Santaren plazan azaltzen direnek ere izango dutela parte hartzeko aukera azaldu du Jaione Azpiroz Xoxolur Mendi Klubeko kideak: “Batez ere familia artean aritzen gara, baina hori ere ez da zertan hala izan, parte hartu nahi duten gazteek, edota bakarka datozenek ere aukera izango dute parte hartzeko eta herritar guztiak animatu ditugu, beraz, ibilaldia egitera”.
Parte hartzaile kopuru zehatzak ez dira jakingo beraz, igandera arte, baina 200 lagun bueltan biltzea espero dute Xoxolurrekoek. Helmuga, Jaizkibel, eta bertara heltzeko bi aukera: 6,88 kilometroko ibilbide motza; eta 9 kilometro inguruko ibilbide luzea.
Ibilbide neurtuak izango du berezitasunik aurten, eta berez ederrak diren parajeak ederrago bilakatuko ditu, baita Lezoren historia eta bertako pertsona eta pertsonaiak lehen lerrora eraman txikienen gozamenerako. Hala, ibilbideko bidegurutzetan eta kontroletan izango direnak trapujalez jantzita izango dira, eta Jaizkibel eta Lezoko paraje ezberdinetan izango dira, Trapujale, Marinazkane, eta Zirikuak; Korri, Xalto eta Brinko; Zabarre eta piratak; eta Trabajadoriak barrakoietan, “zerbait berezia egin nahi genuen jende berria erakartzeko mendi klubera, eta honakoa polita iruditu zaigu sustapena egiteko”.
Hilero egiten ditu irteerak Xoxolurrek, batez ere familia giroan, baina azken aldian gazte talde bat ere batu dela irteeretara eta herritar ororentzat ateak zabalik dituztela nabarmendu du berriz ere Azpirozek: “Mendiarekin harremana izatea da helburua, denak elkarrekin ongi pasatzea. Adin ezberdinetako haurrak biltzen dira irteeretara, eta eskola moduko bat da, denek ikasten dute besteengandik eta aberasgarria da beraientzat ere”. Haurren kasuan, guraso edota arduradun batekin joan behar dutela irteeretara nabarmendu du Xoxolurreko kideak.
Igandean Jaizkibeletik barrena ibiliko dira, baina maiatzeko irteera ere prest dute Xoxolurrekoek, Nafarroara joango dira, Ezkabara zehazki.