Udalak "lasaitasun, ardura eta konpromisoarekin" jokatzeko eskatu die oiartzuarrei
Hainbat gomendio eman ditu, gaur ere bai, Oiartzungo Udalak. Ardura pertsonal eta kolektiborako momentua dela esan dute.
Oiartzungo Udalak dei egin die herritarrei, osasun larrialdiaren aurrean ardurarekin, lasaitasunez eta konpromisoarekin jokatzeko. Ildo horretan, edozein momentutan neurri berriak etor daitezkeela eta, iristen den informazioaren iturriak fidatzekoak ala ez jakitea ezinbestekotzat jo du udalak.
Horregatik, Oiartzungo Udala saiatuko da informazio ofizialak herritar guztiei iristarazten. Herritarrei informazio ofizial hori euren artean partekatzeko eskatu diete.
Hainbat gomendio eman dituzte, pertsona guztiei zuzendutakoak: “Etxetik ahalik eta gutxien ateratzea, eskuak maiz garbitzea eta pertsonen artean metro bateko distantzia mantentzea dira oinarrizko neurriak. Beraz, neurri horiek hartzea gomendatzen dugu”.
Bestalde, etxean bakarrik bizi diren pertsona zaharrekin kontakturik ez eteteko eskatu dute. “Beraz”, zehaztu du udalak, “senitarteko, lagun, bizilagun edota ezagunak baldin baditugu egora horretan, haiei telefonoz deitu eta egoera honen aurrean lasai egoteko esatea komeni da”. Egun hauetan pertsona zaharrei telefonoz deitzea eskatu dute, ea zerbait behar duen edo nola dagoen galdetzeko.
Ardurarako deia berretsi du udal erakundeak: “Oiartzunen egoera larrietan herritarrok erantzuten badakigula erakusteko momentua da. Ardura pertsonal eta kolektiboarekin neurriak benetan beteko direla eta, pertsona guztien zaintza eta osasuna babestea bermatu behar dugu guztiok”.
Oiartzungo Udalak atzo jarri zuen protokoloa martxan. Herriko eragileek ere beren jarduerak bertan behera utzi dituzte, prebentzioan laguntzeko.