Oiartzun Irratiak herritarren eskaerak jasoko ditu, entretenimendua indartzeko
Programazioan aldaketak egingo dituzte, larrialdi egoeragatik. Egunotan ez da gonbidaturik egongo, baina bai konfinamendua pasatzeko aholkuak, musika eta abar.
Herritar guztiek bezalaxe, Oiartzun Irratiak ere osasun larrialdira egokitu behar izan du bere programazioa. Jakinarazi dutenez, egoera honek irauten duen bitartean, saioan ez da gonbidaturik egongo, eta kolaboratzaileek beren lana bertan behera utziko dute. Segurtasuna da helburua.
Aldatuko ez dena eguneroko albisteei eskainitako tartea izango da. Entretenimendua indartu nahi dute, konfinamendua pasatzen laguntzeko. Honako zerrenda pasatu dute: musika zahar eta berria, konfinamendua arinago pasatzeko magazinea, aholkuak, barre-terapia…
Horrez gain, lehiaketaren epea ordu erdiz luzatuko dute. 12:30etik 13:30era izango da.
Entzuleek beren proposamenak helarazi ditzaketela gogorarazi dute. Ohiko telefono zenbakia erabilgarri ez dagoela adierazi dute, baina baina bai whatsappez aritzeko zenbakia: 683 37 96 19. Audioak, etxekoak animatzeko mezuak, proposamenak eta okurritzen dena bidal dezakete entzuleek.