Beste bideak jorratzea, ezinbesteko
Ekoizpenarekin jarraitzen dute baserritarrek, lanean beren produktuekin. Galkorrak izanik, berehala merkaturatzea eskatzen dute eta Covid-19ak ere izan du eragina haiengan.
Ekoizpenarekin jarraitzen dute baserritarrek, lanean beren produktuekin. Galkorrak izanik, berehala merkaturatzea eskatzen dute eta Covid-19ak ere izan du eragina haiengan. Mikel Zendoia Behemendi Landa Garapenerako elkartearen kudeatzaileak esan du, aukera bat izan daitekeela osasun krisi hau bertako produktuak balorean jartzeko, baina zailtasunak ere asko dira, “azokak bertan behera utzi zituzten segurtasuna bermatzeko, eta gerora, horietako batzuk egin dituzte baina egoera aldakorra da herri batzuetatik besteetara”. Baserritar azokak Errenteria-Oreretan eta Hondarribian egiten direla zehaztu du, “Hondarribian udalak bertan behera utzi du momentuz azoka hori. Errenteriakoaren kasuan, baserritarrek duten espazioa Murias enpresak kudeatzen du eta beraz, ez da udal azoka bat, edo ez soilik udalak kudeatuta behintzat”.
Azken hori ere ez dira egiten ari.
Baserritarren profilari ere erreparatu dio Zendoiak, “Azoketan dauden baserritarren kopuru handi bat arrisku taldeetako jendea da, adinagatik, eta bestelako aurretiko gaixotasunak dituelako askotan. Ekidin nahi da beraz, pertsona horiek arriskuan jartzea. Lanean ari dira araudi komun bat martxan jartzeko, baina oraindik ez dakigu ezer”.
Baserritarrek lanean jarraitzen dute, bien bitartean, ekoizten, ereindakoa jasotzen eta azoketan ez bada ere, ohiko dendak beren produktuekin hornitzen, “kolokan dagoena azoketako salmenta zuzena da; Gipuzkoako herri batzuetan ari dira salmenta zuzena egiten neurriak hartuta eta besteak beste, bezeroek ezin dute produkturik ukitu”.
Aukera bat, elikagai horiek saltzen dituzten herrietako dendak hornitzea litzatekeela dio Zendoiak, eta horretara deitu ditu: “bertako produktuak erabili ditzaten, gure baserritarrek ekoitzitakoak,bertakoak, hurbilak, freskoak eta osasungarriak”.
Saltoki txikiek, baserritarrek bezala berrasmatu egin beharko dute bizirik irauteko. Errenteriako Udalak sortu duen zaintza sare komunitarioaren barruan, adibidez, herriko denda txikietan ari dira erosketak egiten, ahal den neurrian, babes ofizialeko boluntarioak. Bide berriak jorratzeko, saretu eta elkarlanean aritzeko garaiak dira, zalantzarik gabe.
Bide horretan, EHKOlektiboak, Euskal Herrian agroekologia lantzen eta bultzatzen duen baserritar eta herritarren kolektiboak iniziatiba abiatu du. Egoera berezi honetan hainbat baserritar eta eragile elkartu dira asmo zehatz batekin, tokiko baserritarren elikagaiak herritarrengana iristea. EHKOlektiboko baserritarrak ari dira iniziatiba bultzatzen baina tokiko baserritar txikiengana ere heldu nahi dutela esan dute eta horretarako web gunea sortzen ari dira, eta bertan baserritar txikiek salgai izango dituzte beren produktuak. Herri edo eskualdeka antolatzea dute helburu eta zaintza sareen bidez saiatuko dira zabaltzen beren produktuak. Parte hartu nahi duten baserritar txikiek posta elektronikora mezua bidal dezakete edo 688 867 020 telefono zenbakira deitu.