"Oso handia da sorrarazten didana, sinesten dut umorean"
Oiartzuarrak ehun saio daramatza Bakean dagoena bakean utzi lanarekin, Idoia Torregarairekin batera. Saio biribila aitzakiatzat hartuta, bere ibilbideari errepasoa eman dio Martiarenak.
Umorearen alorrean aritzen zara. Txikitatik izan al zara saltsera? Sehaskatik datorkizu?
Ez pentsa. Ni umetan oso isila nintzen, oso lotsatia, baina bai gustatzen zitzaizkidala umorezko gauzak. Nire inguruan, Pikoketako aitona, nire aita eta abar, oso umoreko jendea izan dut, oso jendarteko jendea izan da, baita tabernara etortzen zirenak ere. Horrek beti erakarri egin izan nau. Lagun artean umoretsu ibili izan naiz beti.
Bertsotan ibiltzen nintzenean ere umorezko gaietan gustura ibili izan naiz. Oiartzun Irratian hasi nintzenean ere, Martin Kittorekin, Urtzi Argibayekin eta abar, egiten genuen Martin Kittoren txokoa, gero Ongi etorri Katxonderstanera saioa bilakatu zena. Bazebiltzan beti, inguruan, umorezko gauzak.
Argia-rekin, gainera, egin genuen telesail bat, Damutuko zaizute izenekoa. Hor parte hartzea horrelako klak bat izan zen. Nire buruari esan nion jendeari barre eginaraztea asko gustatzen zitzaidala. Deitu zidatenean, esan zidaten lotsak galdu behar nituela. Askotan, nire buruari ukatu diot kamera aurrean jartzea, gorputzagatik edo dena delakoagatik.
Noiz eman zenuen jauzia?
Oso garrantzitsua izan zen Ion Zabaleku Zapo zena. Berak beti esaten zidan Iturriozko festetan bakarrizketa bat egin nezan, eta nik ‘bai, bai, bai’ erantzuten nion, eta gero ezetz zen. Momentu bat iritsi zen, esan zidana ‘zurekin hitz egin nahi dut’. 2017ko urtarrila zen. Eta bai, esan nion Iturriozko festetan bakarrizketa egingo nuela.
Beldur momentu asko izan nituen, baina berak asko lagundu zidan. Gainera, Idoia Torregarairekin elkarlanean ari nintzen, zerbait egin behar genuela. Bere bekaduna izan nintzen UEUn, 2007tik-edo ezagutzen nuen. Elkartzen ginen, baina inoiz ez zen momentua izaten.
Duela bi urte, esan zidan Usurbilen zerbait egiteko aukera genuela. Hamabost egunetan prestatu genuen; horrela sortu zen Bakean dagoena bakean utzi.
“Umorea ez da unibertsala, tristura izan daitekeen bezala. Oso pertsonala da”
Beldurra eman al dizu inoiz txiste edo esketxen bat egin eta ikus-entzuleek barrerik ez egitea?
Bai, baina emanaldiro gertatzen den zerbait da. Publiko guztiak ezberdinak dira, eta azterketa bat bezalakoak dira: gainditzen duzu, jendeak barre egiten badu. Herritik herrira aldea dago, pertsonatik pertsonara aldea dago: batzuei gauza batzuek ematen diote barregura, eta beste batzuei, beste gauza batzuek. Umorea ez da gauza unibertsala, tristura den bezala.
Oso pertsonala da. Zuk pentsatzen duzu ‘hau kristorena da!’, eta ez du funtzionatzen, eta aurrera segi behar duzu. Gero egiten duzu komentario bat sinmasekoa zure ustez, eta jendeari kristoren grazia egiten dio. Ez dakizu zerk funtzionatuko duen.
Zein sentsazio izaten duzu barrerik sortzen ez duzunean?
Saio guztietan, egia da, feedback ona jaso dugula. Ez denean lehertzen zure buruari ‘honetatik ikasiko dugu’ esaten diozu. Txalo asko jasotzen dugunean ez gara munduko onenak, eta barrerik jasotzen ez dugunean, ez gara munduko txarrenak. Hor tartean gabiltza. Umiltasun kolpe bat izaten da.
Agian badago jendea ez diola hainbesteko graziarik ematen zuk egin duzunak. Ez diogu bueltarik ematen: badakigu hurrengo batean beste azterketa bat izango dela, eta gainditu behar dugula.
“Egungo egoera larria da, baina umorez eramangarriagoa izango da”
Azterketak presioa dira ikasleentzako. Zuentzako ere bai?
Guk ez dugu presiotzat hartzen emanaldi bakoitza, bestela oso gaizki pasatuko genuke. Egia da urduritasunak baditugula. Presioa ez da azterketaren mota berekoa, beste zerbait da.
David Broncanok esaten zuen: bakarrizketa edo umore saio bezala iragartzen duzun momentutik, jendea doa zu ikustera eta suposatzen du barre egin behar duela. Espektatibak sortzen dira. Gainera, esaten zuen publikoa zuri begira dagoela pentsatuz ‘barre eginaraz iezadazu, putakumea’. Barre egiten ez bada, frakaso bat da? Bada ez. Mugituko zitzaizun zerbait, edo ikasiko zenuen zerbait.
‘Barre eginaraz iezadazu, putakumea’ horrek esan nahi du umorearen bila doan bat exijenteagoa dela. Paradoxikoa al da berez ongi pasatzera doan hori kritikoagoa izatea?
Kritikoagoa bada, eta gure kasuan bezala, bi emakume gaudenean oholtzaren gainean. Gizartea ez dago ohituta emakumeak ikustera umorea egiten. Gizonek egin duten umorea da umore unibertsala, emakumeei ere grazia egin behar diena. Oholtza gainean bi emakume ikustea, emakumeen eguneroko gauzei buruz hitz egiten ikustea, batzuentzat ez da erosoa. Hori onartzen dugu.
Beste batzuentzat bai, kristoren barreak egiten dituzte. Aulkian eserita gaudenean deseroso sentitzen bagara, zerbaitengatik da. Oso ohituta egon gara gizonak entzutera emakumeei buruz barre egiten, baita bere barrabil eta zakilei buruz hitz egiten ere. Emakume bat entzuten baduzu ‘beheko motzean azkura daukat’ esaten, badirudi zerbait pasatu dela, ez dela hain erosoa.
Horregatik egiten dituzue keinu zirikatzaile horiek, titiak heltzearena bezala?
Ikuskizunaren parte da, eta gure proposamena da titiekin emakumeek barre egitea. ‘Patriarkatuari kar-kar-kar, baina titiak helduta’. Orduan, iraultza egitea eskatzen dugu, gorputzekin eta umoretik. Eta zein gutxi ukitzen ditugun gure titiak; askotan beste norbaitek gehiagotan ukitzen dizkigu, eta guk gure buruari gutxitan. Horretarako ariketa bat da.
Emanaldiaren erdialdean egiten dugu, eta bukaeran ere bai. Lehenengo zatian egiten denean denak lotsatu egiten dira, baina bukaerarako denak titiak helduta egoten dira. Aipatu duzu espektatibak sortzearena.
Gertatu izan al zaizu zure burua norbaiti aurkeztu eta besteak txiste bat espero izatea?
Zerbait kontatzeko eskatzea baino, jendea etortzen da bakarrizketetan ideiak ematera. Kontatzen dizkidate beraiei pasa zaizkienak, eta zuretzako baliagarri izan daitezkeenak. Gero ez dakit erabiliko ditudan ala ez, baina gustura hartzen ditut. Jendeak pentsatuko du: ‘Nik ez daukat graziarik, baina Mirariri kontatuko diot, berak kontatzeko’. Hori polita da.
“Gizonen umorea da unibertsala, emakumeei grazia egin behar diena”
Erabili izan dituzu?
Nik beti lehenengo pertsonan kontatzen ditut bakarrizketak. Jendeak nahi duena pentsatuko du gero. Esan beharrean ‘nik baneukan lagun bat…’, esaten baduzu ‘niri pasatu zitzaidan…’, jendeak agian gehiago enpatizatuko du. Gainera, badakigu lagun hori ez dela existitzen… [Kar-kar].
Batzuetan zuri gertatu zaizu, besteetan gezurra da; balio dezala umorea egiteko. Nahiz eta gezurra izan, egia bezala kontatzen baduzu, indar handiagoa dauka.
Esan duzu lotsa-edo zenuela bere garaian, baina orain plazandre irudia ematen duzu. Lotsa edo beldur horiek uxatu dituzu guztiz?
Errespetua beti diot jende aurrean azaltzeari. Izan daiteke mahai-inguru bat gidatu, ekitaldiren bat aurkeztu edo irratian hitz egin. Errespetua beti joango da denaren aurretik eta denaren gainetik. Egia da, hala ere, jendearen aurrean nagoenean hain gustura nagoela, eta sentitzen dudana hitzez esplikatzerik ez dagoenenez, momentu honetan umorearekin zerikusia daukan ezerri ez diodala ezetz esaten. Ibil naiteke lanez gainezka, baina umorea baldin badago tartean, onartzen ari naiz. Sinesten dut horretan, eta sorrarazten didana oso handia da. Asko gozatzen ari naiz.
Bakean dagoena bakean utzi-rekin zer esanik ez. Nire lagun onenetako batekin horrelako gauza bat egitea, horrelako amets bat betetzea, ez dago ordainduta. Pagatzen digute, bai, baina balio emozional horretan sekulakoa izaten ari da.
100 saio bete berri dituzue. Zerbaiten seinale da arrakasta hori, funtzionatu duela.
Binakako bakarrizketa horrek funtzionatzen du. Eta ahoz ahokoak ere funtzionatzen du, batez ere herri txikietan. Gero ibiltzen dira beste herrietakoei esaten. Guk hiru gai uztartzen ditugu: euskara, generoa eta umorea. Horrelako gaiak jende gutxik eskaintzen ditu. Formatu honek aukera ematen digu toki txikietan egiteko, edo herri txikietara joan eta aukerarik ez dutenei zerbait eskaintzeko. Uste dut Euskal Herriko pleno areto gehienak pasatu ditugula… [kar-kar].
Ez dugu ezer behar: gu biok gara, bi aulki, eta kitto. Jendeak gustuko du, zeren bestela ez baikinen honetan ibiliko. Deitzen gaituzte eta gu joan egiten gara.
“Euskal Herriko pleno areto gehienak zapaldu ditugu bakarrizketarekin”
Udazkenerako bigarren lan bat prestatzen ari zarete, horrela al da?
Bi urte daramagu honekin. Euskal Herriko herri guztietara ez gara iritsi, baina bai ari zaizkigula deika galdetuz ea bigarrenik ez ote dugun egin behar. Ikusten dugu antzeko sintonian zer esan badaukagula, eta berrogeialdi hau, edo uda, izango da sortzeko denbora. Nahi genuke udazkenerako zerbait berria plazaratu; nekatuta egongo bagina, ez genuke egingo.
Koronabirusaren garaian, ba al dago umorearentzako tarterik?
Sare sozialetan ikusi besterik ez dago. Egia da lehenengo egunetan gaudela, eta ikusi beharko da azkeneko egunetan nola gauden. Nik gaur egin dut koarentena honetako gauzarik garrantzitsuena: oinetako hatzazalak moztu. Horrelako satisfakzio bat badaukat: ‘Ondo Mirari! Egin duzu zerbait garrantzitsua!’. Ez diot konfinamendua deitzen, nik konfitazioa deitzen diot. Jendea ez dago lanean, edo etxetik ari dira lanean, eta aukera gehiago edukiko ditu telefonoz hitz egiteko. Ni deika ari naiz jendeari, eta txorakeriak esaten ditugu…
Egoera larria da, badakigu, baina umorez hartzen badugu, eramangarriago izango da. Bere dramatismo puntua badauka, eta badaukat nire kezka. Baina ahal den neurrian goxatu baldin badugu eta umoretik bizi behar baldin badugu, umoretik kontatuko dugu. Horretatik ere ideiak aterako ditugu, eta koadernoak beteko ditugu umore zaparradarekin.
Badaukazu beste proiekturik esku artean?
Ez. Momentuz, ez. Lanik gabe geratu naiz: Egunak egin du saioko gidoilaria nintzen, eta saioa eten dute. Oraintxe ez da garairik onena lana bilatzeko… baina ez naiz geldirik egongo. Norbaitek lanen bat badu niretzat, txoko hau aprobetxatuko dut lana eskatzeko [kar-kar]. Bitartean, zain. Zain, egoerak zer ekarriko duen, eta gauzak goxo hartzeko itxoiten. Pentsatzen dut, batzuetan, agian ez dudala hau egiteko balio, baina hiru urte pasatu ditut hau egiten.