Pentsio duinen aldeko aldarria balkoi eta leihoetara
Datorren astelehenean (hilak 30) 12:00etan, mobilizazioetan erakusten dituzten intsiginia, zapiak, biserak edota etxean prestatzen dituzten kartelak balkoi eta leihoetatik zintzilikatzera deitu dute Duintasuna eta Gaur Geroa elkarteek.
Koronabirusak eragindako osasun larrialdiak ere eragin du pentsiodun eta jubilatuen protesten gainean. Kalera ateratzerik ez dute izango, baina azken asteotan aldarri ugariren agertoki bihurtu diren balkoi eta leihoetara eramango dute beren protesta.
Horrenbestez, datorren astelehenean (hilak 30) 12:00etan, mobilizazioetan erakusten dituzten intsiginia, zapiak, biderak edota extean prestatzen dituzten kartelak haietan zintzilikatzera deitu dute Duintasuna eta Gaur Geroa elkarteek.
Pentsio duinak aldarrikatuko dituzte protestaren bidez, baina baita salatu ere, egun, koronabirusaren pandemiarekin lotuta osasungintza publikoak bizi duen krisia, pribatizazioaren ondorio dela. Adinekoen egoitzetan zaintza lanetan ari diren pertsonen lan baldintzak ere salatu ditu Duintasunak, horiek ere pribatizazioaren eta zaintza bigarren maila batera pasatzearen ondorio direla dio.
Aldarrikapena eta salaketa, baina ez hori bakarraik, elkartasun keinua ere izango da astelehen eguerdikoa: Koronabirusaren ondorioz hil diren lagunei eta haien senideei elkartasuna adieraziko diete, baita etxean bakarrik bizi diren adinekoei ere, batez ere emakumeak direnak. Elkartasuna eta esker ona, bestalde, beren osasuna arriskuan jarrita, osasungintzan, gizarte zerbitzuetan eta oinarrizko zerbitzuetan ari diren profesional guztiei: elikagai dendak, farmaziak.
Azken dei bat, gobernuei pertsona guztien bizitza bermatzeko behar diren babes baliabideak jar ditzan, “lan egietra behartuta dauden pertsona guztiek beharrezko babes neurriak izatea, eta pertsona guztiek beren bizitza babesteko eta duintasunez bizitzeko behar dituzten diru sarrera eta baliabide publikoak izatea”.